Ekonomia -
Akordioa
3.000 milioi euro inbertituko ditu Qatarrek Espainian
Qatar aliatu ekonomikoa izatea Espainiako erreformen prozesuari ematen zaion "konfiantza ziurtagiria" da, Jose Luis Zapatero Gobernuko presidentearen hitzetan.
Erredakzioa
Espainian 3.000 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du gaur Qatarrek Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen aurrean. Horietatik 300 milioi aurrezki kutxetan inbertituko dituzte.
Zapaterok Qatarrera egindako bisita amaitu ostean, 3.000 milioi euroko konpromisoa luza daitekeela adierazi dute Espainiako Exekutiboko iturriek. Honenbestez, "Qatar Espainiaren aliatu ekonomiko garrantzitsua bihurtu da".
Qatar aliatu ekonomikoa izatea Espainiako erreformen prozesuari ematen zaion "konfiantza ziurtagiria" da, Zapateroren hitzetan.
Aurrezki kutxak
Bestalde, Qatarreko Gobernuak iragarri du 300 milioi euro inbertituko dituela Espainiako aurrezki kutxetan eta etorkizunean energiaren eta telekomunikazioen sektoretan ere inbertsioak egingo dituela.
Iragarpena Hamad bin Jaber Al Thani Qatarreko lehen ministroak egin du, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin batera herrialde arabiarrean egindako prentsaurreko batean.
Qatarreko agintariak "konfiantza" agertu du Zapaterok abiatutako erreformetan, eta hark adierazi du "oso albiste ona" dela inbertsioa.
Nolanahi ere, agintariek ez dute zehaztu zein kutxatan eta enpresatan egingo dituzten inbertsioak. Konpainia "boteretsuak" izango direla eta inbertsioak "oso handiak" izango direla baino ez dute aurreratu.
Zapateroren esanetan, Qatarreko inbertsio funtsak boteretsuenak dira une honetan, eta beraz, oso pozik agertu da akordioak direla eta.
Arratsaldean, Zapatero Arabiar Emirerri Batuetara joango da, akordio ekonomiko gehiago adosteko.