Ekonomia -

Nafarroako Aurrekontuak

2019ko Aurrekontuak onartu ditu laukoak, UPN, PSN eta PP alderdien aurkako bozekin

Nafarroako Parlamentuak legealdiko azken Aurrekontuak onartu ditu. 2018an baino 126 milioi euro gehiago (% 3,26ko hazkundea) izango ditu Gobernuak datorren urtean.

Uxue Barkos, Miren Aranoa eta Adolfo Araiz. Argazkia: EFE
Uxue Barkos, Miren Aranoa eta Adolfo Araiz
Uxue Barkos, Miren Aranoa eta Adolfo Araiz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Parlamentuak, Gobernua osatzen duten lau alderdien (Geroa Bai, EH Bildu, Nafarroako Ahal Dugu eta I-E) babesarekin eta UPNren, PSNren eta PPren ezezkoarekin, Nafarroako Aurrekontuak onartu ditu gaur, hots, legealdi honetako laugarren eta azken kontuak. Horrenbestez, guztira, 4.312 milioi euroko aurrekontua izango du Gobernuak datorren urtean.

Horrek esan nahi du 2018an baino 126 milioi euro gehiago (% 3,26ko hazkundea) izango dituela 2019an.

Azken asteotan UPNren eta PPren osoko zuzenketak gainditu dituzte, eta orotara alderdi guztiek aurkeztutako 1.025 zuzenketa partzialei 161 zuzenketa berri gehitu dizkiete. Esan bezala, oposizioak aurkeztutako zuzenkizunak atzera bota dituzte, eta Droga-mendekotasunaren Planari diru gehiago bideratzeko in voce zuzenketa soilik onartu dute.

Hartara, 569 izan dira gaur eztabaidatutako zuzenketak (UPNren 274, PSNren 295 eta PPren 2). Bestalde, guztien artean adostutako in voce zuzenketa bat eta laukoak onartu ez dituen beste bi (horietako bat amatasunagatik atxikitako PFEZa itzultzeari buruzkoa) izan dituzte eztabaidagai.

Bestalde, kirolean berdintasunez jokatzeko PSNk aurkeztutako zuzenketaren bozketan berdinketa egon da, Nafarroako Ahal Duguko Tere Saezek babestu baitu, "bere ideiekin bat datorrelako" eta Laura Luelmo Huelvan hil duten irakaslea "omentze aldera".

Esan bezala, amatasun sarietan atxikitako PFEZa itzultzea eskatu dute hainbat emakumek Parlamentuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN PSN Geroa Bai I-E Nafarroa Ekonomia EH Bildu Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Nafarroako Aurrekontuak azken ordukoa PPN gaur