Ekonomia -

Lege berria

Laguntzak eskatzen dituzten kutxek banku bihurtzeko 3 hilabete dituzte

Bestalde, aurrezki-kutxek burtsan izateko duten epea 2012ko martxora arte luzatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FROBaren laguntzak eskatzen dituzten aurrezki-kutxek euren finantza-negozio guztia banku baten eskuetan utzi beharko dute "hiru hilabeteren buruan", Elena Salgado Ekonomia ministroak gaur azaldu duenez.

Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Errege Dekretu Legearen zehaztasunak azaldu ditu Salgadok. Gaur onartu dute eta Espainiako Finantza-sistemaren Berrindartze Egitasmoa arautuko du legeak.

Gainera, FROBari diru-laguntzak eskatzen dizkioten kutxek birkapitalizazio egitasmo bat aurkeztu beharko dute, eta baita "zuzendaritza organoen berrantolaketa plan bat" ere, erantsi du Salgadok.

FROBaren erreforma egiten du dekretuak. Horrela, Zuzendaritza Batzordea bederatzi kidek osatuko dute eta finantza-laguntza emateko gaitasun berriak ematen dizkio fondoari legeak, akzioak bereganatzeko baimena edo entitateen kapital sozialari ekarpenak egiteko gaitasuna esaterako.

Burtsan izateko epea luzatu dute

Bestalde, aurrezki-kutxek burtsan izateko duten epea 2012ko martxora arte luzatu du Gobernuak.

Kotizatu nahi duten kutxek irailaren 30 baino lehen entitateko batzar nagusiaren akordio bat aurkeztu beharko dute, baita egutegi zehatz bat ere.

Oinarrizko kapitala

Bestalde, bankuei gutxienez % 8ko oinarrizko kapitala eskatuko die Gobernuak, baina kotizatzen ez duten finantza-enitateek % 10eko oinarrizko kapitala izan beharko dute, legearen arabera. Baldintza horiek betetzen ez dituzten aurrezki-kutxetan akziodun gisa esku hartuko du Exekutiboak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea