Ekonomia -

Lehenengo bilera

70,5 milioi bideratuko ditu Lanbidek enplegua bultzatzeko

Ezgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzeko eta babesteko laguntzena izango da lehentasunezko esparruetako bat, 37 milioi euroko aurrekontuarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide euskal enplegu zerbitzuko Administrazio Batzordeak 70,5 milioi euroko lehen kontu-sail bat onartu du gaurko bileran enpleguko politika aktiboko programetarako. Kopuru hori 2011n politika aktiboetara bideratuko den aurrekontuaren herena da.

Ezgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzeko eta babesteko laguntzena izango da lehentasunezko esparruetako bat, 37 milioi euroko aurrekontuarekin. Enplegurako lanbide-heziketako programek 30 milioi euroko laguntzak izango dituzte, gaur Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez.

Batzordea hainbatetan bilduko da otsailean eta martxoan, 2010ean erreferentzia izan diren programekin jarraitzeko.

Onartutako laguntzak hiru ildoren ingurukoak izango dira: ezgaitasunen bat duten langileak, enplegurako lanbide-heziketa eta enpresa-ekimena eta enplegua sortzen duen jarduera ekonomikoa sustatzea.

Laguntza handiena izango duen kontu-saila ezgaitasunen bat duten pertsonen lan-munduratzea sustatzera bideratutakoa izango da, "gizartean baztertzeko duten arriskua dela eta". 37 milioi euro bideratuko dituzte alor honetan.

Lanbidek 33 milioi euro bideratuko ditu ezgaitasuna duten langabeak kontratatzea ekarriko duten proiektuetara, baita egun EAEko enplegu-zentro berezietan dauden lanpostuak mantentzera ere.

EAEn enplegu-zentro berezien sarea osatzen duten 103 enpresek 6.300 langile ezgaitu baino gehiagori ematen diete lana hilean eta eredugarria da Estatuaren mailan.

Horrez gain, Lanbidek 2 milioi euroko aurrekontua bideratuko du enplegu-zentro berezi horiek Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateetaz hornitzeko. Unitate hauek talde multiprofesionalek osatuko dituzte eta ezgaitasun handia duten langileei lan-munduratzeko dituzten oztopoak gainditzen laguntzea izango dute helburu, bai laneratze unean zein lortutako lanpostua gordetzean.

Laguntza hauek 2.500 pertsona baino gehiagoren lanbide garapenean lagunduko dute, bestela lan-munduan nekez sartuko liratekeen eta EAEko 37 zentrotan lan egiten duten pertsonen artean. Horrez gain, 2 milioi euroko dirulaguntza sorta berezia izango da ahalmen urritasuna duten langileen mugarik gabeko kontratazioa bultzatzeko.

Kontu-sailik handiena enplegurako lanbide-heziketara bideratutakoa izango da, eta 30 milioi euro jasoko ditu. Zenbateko hau urtean zehar handituz joango da langabezian dauden pertsonen heziketaren beharrizanei eta enpresen lehiakortasunari egokitzeko.

Helburua langabeen lanbide-profila hobetzea izango da, eta hori lan-merkatuko premietara egokitzea, kontratazioa ahalbidetzeko. EAEn langabezian dauden 8.000-10.000 langile izango dira kontu-sail honen onuradun.

Horretaz gain, 2,5 milioi euro bideratuko dira lana eta familia bateragarri egiteko arrazoiak direla eta langileak ordezkatzeko laguntzetara. Bi esparru horiek bateragarri egitea da Enplegua eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Lanbideren helburuetako bat.

Aurreikuspenen arabera, programa honi esker euskal enpresen 2.100 eskari baino gehiagori erantzungo zaie, lana eta familia bateragarri egiteko murrizketetatik edo liberazioetatik eratorritako kontratazioetan laguntzeko.

Azkenik, milioi 1 euroko aurrekontua bideratuko da ordainketa bakarraren modalitatean langabeziaren ondoriozko prestazioa jasotzen dutenentzat, baldin eta lan elkartuko kooperatiba bateko bazkide eta laneko sozietate anonimo (LSA) gisa eratzen badira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea