Ekonomia -
Bilera
Kutxen legearen zirriborroa aurkeztu dio EAJri Eusko Jaurlaritzak
Carlos Aguirre Ekonomia sailburuaren ahotan, legeak "indar politikoen korrelazioa errealitatera egokituko du". EAJren hitzetan, Exekutiboak aurrezki-kutxen kontrol politikoa lortu nahi du.
EITB
Aurrezki-kutxen legearen lehen zirriborroa aurkeztu dio gaur EAJri Eusko Jaurlaritzak. Jeltzaleek hiru euskal kutxetan duten hegemoniarekin bukatu nahi du Patxi Lopezen Exekutiboak. EAJk, ostera, Jaurlaritzak PPrekin batera kutxen kontrol politikoa bereganatu nahi duela uste du.
Zirriborro polemikoa da, baina Carlos Aguirre Ekonomia sailburuaren arabera, legeak "indar politikoen korrelazioa errealitatera egokituko du". Aguirreren hitzetan, jeltzaleek hiru kutxetan duten hegemoniarekin amaituko du legeak.
Bestalde, EAJren ahotan, Exekutiboak euskal aurrezki-kutxen kontrol politikoa lortu nahi du PPrekin batera.
Horrela, Ministroen Kontseiluak aurrezki-kutxak erreformatzeko dekretua onartuko duen bezperan, eta euskal kutxen bat-egiteak sortu duen polemikaren erdian, gaur Eusko Jaurlaritzak beste pauso bat eman eta legearen zirriborroa aurkeztu du.
Zirriborroa EAJren ordezkaritzari Ekonomia sailburuak berak aurkeztu dio. Jeltzaleek gehiengoa dute egun hiru euskal kutxetan. Lege berriarekin alderdi politikoek eta agente sozialek ordezkaritza erreal bat izango dute, Aguirreren ahotan.