Ekonomia -
Lan-harremanak
Lanbideren Administrazio Kontseilua eratu dute
Administrazio Kontseiluko kide guztiak, ELA eta LAB sindikatuak izan ezik, izan dira organoaren eraketan. Administrazio Kontseiluak lehen bilerarako deialdia egin du dagoeneko, otsailaren 17rako.
Erredakzioa
Administrazio Kontseiluko kide guztiak, ELA eta LAB sindikatuak izan ezik, izan dira gaur Gasteizen Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardun-ildoak eta erabaki nagusiak arautuko dituen organoaren eraketan. Ekitaldian Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua eta Administrazio Kontseilu eratu berriko presidentea den Gemma Zabaletak hartu du parte.
Administrazio Kontseiluak lehen bilerarako deialdia egin du dagoeneko, otsailaren 17rako, 2011ko ekitaldian gauzatuko diren enplegu-politika aktiboen programarik garrantzitsuenetako batzuk lehenbailehen onartzeko.
Izan ere, enplegurako laguntzei buruzko programa nagusietako batzuei eutsi eta lehentasuna eman die Lanbidek, ezgaituak laneratzea sustatzeko eta langabeen lanbide-heziketa sustatzeko programei, besteak beste.
Administrazio Kontseilua
Administrazio Kontseilua Lanbideren gobernu-organo gorena da, eta hirukoa, paritarioa eta erabakitzailea da. Honako kide hauek ditu: Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta, presidentea; Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratze sailburu Javier Ruiz, presidenteordea; Lanbideko zuzendari nagusi Javier Ramos, idazkaria; eta 15 kide, Eusko Jaurlaritzaren zenbait sail, EAEko patronala eta euskal indar sindikal nagusiak ordezkatuz.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordezko kidea Lanbide Heziketako sailburuorde Carlos Crespo izango da; Ekonomia eta Ogasun Sailak, berriz, Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko sailburuorde Andres Araujo izendatu du kide; eta, azkenik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendari Juan Jose Garayarrek ordezkatuko du Lanbiden.
EAEko patronalak, Confebaskek, honako kide hauek izendatu ditu: Nuria Lopez de Gereñu, Confebaskeko idazkari nagusia; eta Jose Miguel Ayerza, Francisco Javier Azpiazu, Juan Ugarte eta Jon Bilbao. Sindikatuak ordezkatuz, ELAK Mikel Noval eta Ioseba Villareal izendatu ditu; CCOOk Maria Dolores Garcia; LABek, Oihan Ostolaza; eta UGTk, Felipe Garcia.
ELA eta LAB sindikatuak
Administrazio Kontseiluan parte hartu gabe jarraituko dutela berretsi dute ELAk eta LABek, ez baitaude ados eraketa moduarekin eta erakundearen ahalmen eta egitekoekin.
"Lanbideren sorrera prozesu guztian Jaularitzak ez du gurekin harremanik eduki nahi izan, nahiz eta euskal langilegoaren %56 ordezkatzen dugun. Diseinua Confebaskekin eta CCOO eta UGTrekin adostu du", esan dute ELAk eta LABek, gaur prentsa ohar baten bidez.
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi du ez dituztela baztertu bi sindikatuak, eta ateak irekita dituztela.
ELAk eta LABek uste dute "eskumen falta" dela-eta erakundeak ezingo duela enplegu politika propio bat izan. "Espainiako Gobernuaren politikari babesa emateko sortu da Lanbide, patronalaren interesen aurka doan ezer eztabaidatu ez dadin", erantsi dute.