Ekonomia -
JAURLARITZAREN AURREKONTUAK
EH Bildu 'itxaropentsu' agertu da Aurrekontuen inguruan
Datorren ostiralean bilduko dira koalizioko kideak, berriro, Azpiazu sailburuarekin, 2019ko Aurrekontuen inguruan hitz egiteko.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako 2019ko Aurrekontuen negoziazioak azken txanpan sartzen ari dira, baina, oraingoz, bakoitzak bereari eusten dio eta hurbilketa keinu argirik ez da ikusten. Halere, Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidea "itxaropentsu" agertu da gaur eta Gasteizko Gobernua ezker abertzaleko koalizioaren proposamena "ondo aztertzen" ari dela esan du.
EH Bilduk mahai gainean jarri duen proposamena "argia, zehatza eta bideragarria" dela eta Jaurlaritzak "aintzat ez hartzea zentzugabekeria" litzatekeela esan du.
"Gutxiengoan dago Urkulluren Gobernua, eta bi abstentzio behar ditu, gutxienez, aurrekontuak ateratzeko. Gure proposamena argia, zehatza eta bideragarria da. Eskua luzatuta daukagu. Badakigu Jaurlaritza ondo aztertzen ari dela gure proposamena. Itxaropentsu gaude", esan du.
Datorren urteko Aurrekontuei bide ematea "Jaurlaritza babesten duten bi alderdien borondatearen baitan" dagoela gaineratu du Pinedok.
Azaroaren 16an bilduko dira, berriro, EH Bilduko ordezkariak Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin. Akordiorako "borondate osoarekin" joango direla hitzordu horretara esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.