Ekonomia -

Gezurtatzea

Inbertsio jasangarrien inguruan adostasunik ez dagoela esan du Solanak

Foru Gobernuko bozeramaileak akordioa ukatu du, eta Nafarroak 113 milioiko inbertsio plana lortzeko 'lanean' jarraituko duela azpimarratu.

Solana, artxiboko argazki batean. EFE
Solana, artxiboko argazki batean. EFE
Solana, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gezurtatu egin du Nafarroako eta Espainiako gobernuek akordioa lortu dutenik 75 milioi euro foru erkidegoko inbertsio jasangarrietara bideratzeko. Europa Press albiste agentziak goizean zabaldu duenez, bart hitzartu ei dute inbertsio plana bi administrazioek. "Ez dugu horren berri", esan du Solanak galdetu diotenean.

Solanak ziurtatu duenez, iaz lortutako superabitaren 113 milioiak inbertsio jasangarrietara bideratu ahal izateko “lanean jarraitzen du” Foru Gobernuak. Izan ere, 2017 ekitaldian lortutako superabita inbertsio jasangarriak egiteko erabiltzea onartu zuen duela gutxi Nafarroako Parlamentuak, baina Estatuaren baimena behar zen horretarako.

Gauzak horrela, Foru Gobernuak eta Sanchezen exekutiboak arlo horretan akordioa lortzen dutenean “xehetasun gehiago” emango dituztela aurreratu du Solanak. Izan ere, Europa Press berri agentziak goizean zabaldu duen albistea gezurra dela esan du, eta bi administrazioek oraindik ez dutela akordiorik sinatu berretsi du.

Goizean zabaldutako informazioaren arabera, 75 milioi euro foru erkidegoko inbertsio jasangarrietara bideratzea hitzartu dute bi aldeek, baina urrian onartutako legean islatutako 113 milioi horiek inbertsio jasangarrietara bideratzeko lanean jarraitzen dutela nabarmendu du Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.

Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak ildo beretik erantzun du. Hala, Solanaren adierazpenekin bat etorri da, eta Nafarroak ez diola 113 milioiak inbertsio jasangarrietara bideratzeari uko egingo azpimarratu du. Izan ere, Nafarroako Parlamentuaren nahia hori dela gogora ekarri du. “Kopuru hori bi urtetan bideratu behar badugu, hala egingo dugu, baina akordioa bilatzen ahaleginduko gara”, esan du.

Kontseilariaren esanetan, inbertsio jasangarrietara bideratutako kopuru hori Aurrekontuetatik at dago.

Buruzagi sozialista Moncloara iritsi zenetik lehen hartu-emana izan dute asteazken honetan Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Uxue Barkos Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Nafarroako Gobernua