Ekonomia -
Basogintza
Gaitzak jotako pinuak beste konifero batzuekin ordezkatzen ari da Nafarroako Gobernua
Gaixotutako arbolak sendatzerik ez dagoenez, basoberritzea da Foru Gobernuaren konponbidea. Emaitza onenak eman dituzten espezieak izei gorria eta kanadar tsuga dira
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Gobernua, tokiko erakundeekin eta jabeekin lankidetzan, intsinis pinuak (Pinus radiata) beste konifero espezie batzuekin ordezkatzen ari da, pinudi gehienak onddoek erasanda daudelako.
2012an zeuden 4.500 hektarea inguruetatik, hiruzpalau urtean oso gutxi geratuko dira. 2017an 2.711 hektarea intsinis baso zegoen. Hori Nafarroako basoen % 0,47 da, basoen % 0,63 eta koniferoen % 2,2.
Intsinis pinuen osasun-egoera hainbat onddoren ondorioa da: batetik, pinuaren txankro erretxinaduna, eta bestetik, hostoei erasaten dieten onddoak.
Onddo hauek ia pinudi guztietan izan dute eragina, azken urteetan azkar hedatuta. Negu epel eta busti batek eta ondoren etorri den udaberri bustiak bi onddo horiek oso azkar zabaltzea lagundu dute.
Udaberri hasieratik agerian geratu da gaixotasunaren hedapenaren azkartzea, eta gaur egun espezie honetako ia pinudi guztiek dute kolore gorrixka.
Gaixotasunaren larritasunaren ondorioz, duela 10 urtetik, basoen arduradunek Nafarroan espezie horrek hartzen duen eremua murrizteko erabakia hartu dute.
Arazo hau duten eremuak lehenesten dira diru-laguntzak emateko garaian, eta gainera, urtero bi basoberritze egiten ditu Nafarroako Gobernuak gaixotasunak jotako mendietan, Etxalarren, Goizuetan, Leitzan, Beran, Baztanen, Areson eta Lesakan.
Teknikoen arabera, gaixotasuna sendatzeko neurriak, kasu gehienetan, bideraezinak dira “teknikoa zein ekonomikoki”.
Horregatik, arraseko mozketa izaten ari da aukera nagusia, beste espezieekin ziklo berria hasteko. Mozketa azkartu dute aurten, gaixotasuna azkarrago hedatu delako.
Aukera bideragarrienaren bila ari da Ingurumen saila, eta espezie iraunkorrenak aukeratu nahian dabil.
Informatu dutenaren arabera, Japoniako zedroarekin eta Atlaseko zedroarekin, laritzarekin, Douglas izeia edo astakamamilarekin ari dira probatzen, baina emaitza onenak eman dituzten espezieak izei gorria eta kanadar tsuga dira.
Helburua produkzioa ez den kasuetan, ibarretan bezala, haritza eta lizarra bezalako bertako espezieak ari dira landatzen.