Ekonomia -
'De Miguel' auziaren epaiketa
Julian Sanchezek esan du bere kontrako akusazioak 'asmakizunak' direla
Fiskaltzak 17 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Parke Teknologikoetako presidente ohiarentzat, Alfredo de Miguelen ustezko ustelkeria sarean parte hartzea leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Julian Sanchez Alegria Euskal Autonomia Erkidegoko Parke Teknologikoetako presidente izandakoa, Arabako EAJri eragiten dion ustezko ustelkeria kasuan auzipetuta dago, beste 26 akusaturekin batera, tartean Alfredo de Miguel.
Kontratu publikoak ematearen truke, komisioak kobratu izana leporatzen diete.
Gaurko saioan Julian Sanchezek deklaratu du, eta azpimarratu du berak esan ziola Ainhoa Alberdi abokatuari auzitegira jotzeko, Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia estortsioa egiten ari bazitzaion.
Fiskaltzak 17 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Parke Teknologikoetako presidente (2005-2009) zenarentzat.
Alberdik salaketa jarri zuen 2009an, kontratu publiko bat lortzeko, De Miguelek –garai hartan foru diputatua eta Arabako Parke Teknologikoko administrazio kontseiluko kidea- 100.000 euroko komisioa eskatu ziola ohartaraziz.
Julian Sanchezen azaldu duenez, aurretik berarekin bildu zen Alberdi eta gertatu zitzaiona kontatu eta De Miguelek bidalitako mezu elektroniko labur bat erakutsi zion.
Esaten ari zena egia bazen, epaitegira jo behar zuela erantzun zion Sanchezek. Gainera, kontratu horretako dirurik legez kanpoko ezer egiteko erabiliko ez zela eta obra hura berak ikuskatuko zuela agindu zion.
Fiskaltzaren arabera, Alberdirekin hitz egin ondoren, Sanchezek De Miguel ohartarazi zuen eta aurrerantzean "diskrezio gehiagoz" aritzeko eskatu zion. "Hori gezurra da, asmakizun bat", nabarmendu du Sanchezek.
Bere esanetan, Alberdirekin izan zuen elkarrizketaren berri eman zien bere arduradunei: Mauricio Lazkano Spriko idazkari nagusiari eta Alfonso Arriola –kasu honetan auzipetuta dago- Arabako Parke Teknologikoko gerenteari.
Zerbait gehiago egin ote zezakeen galdetuta, ezetz erantzun du, gerora izan zuten beste elkarrizketa batean estortsioa amaitu egin zela esan omen ziolako Alberdik.
Gaurko saioan Arriolak ere deklaratu du. 2006tik 2009ra bitartean izan zen Arabako Parke Teknologikoko gerente. Fiskalak 21 urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat.
Sanchezek Alberdirekin izan zuen elkarrizketa kontatu zionean, "harrituta" geratu zela esan du. Ez zion sinesgarritasunik eman, "gaizki-ulertu bat izango zelakoan".
Arriolaren hitzetan, Alberdirekin lanean jarraitu behar zela eta salaketa jarri nahi bazuen inolako arazorik ez zegoela esan behar zitzaiola adierazi zion Sanchezi.