Ekonomia -
EAEko aurrekontuak
Pentsioen osagarrietan eta enpleguan 420 milioi inbertitzea proposatu du EH Bilduk
Aurrekontuak onartzea erraztuko luke koalizio abertzalearen proposamenak, bi legebiltzarkideren abstentzioaren bidez.
Agentziak | Erredakzioa
"Aurrekontuetarako proposamen bideragarria" aurkeztu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, pentsio baxuenen osagarrietan 350 milioi euro eta lan politikak "bideratzera" 70 milioi euro inbertitzeko. Koalizioaren arabera, proposamenak Finantzen Euskal Kontseiluak diseinatutako markoan "sartzen" da, eta beraz,"ez da aitzakia ekonomikoetarako lekurik egongo".
Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek aurkeztu dute 2019ko aurrekontuak errazteko proposamena, EH Bilduren bi abstentziorekin. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak "kalearen aldarriari kasu egin behar dio eta orain arte PPren eskutik egin dituen politikak zuzentzen hasi behar da".
Exekutiboari eta agintean dauden bi alderdiei, EAJ eta PSEri, bidali die proposamena. Sozialistei ostegunean azaldu zizkien proposamenaren lerro orokorrak EH Bilduk. Iriarteren hitzetan, “sintonia” egon zen bileran.
Jeltzaleei ere biltzeko eskatu die EH Bilduk, eta "Aurrekontu hauek onartzeko asmoa badauka, lehenbailehen egingo dela" uste du koalizioak.
Iriarteren arabera, koalizioak aurrekoak bere egiteko "egiturazko aldaketak behar lirateke, Pedro Azpiazu Ogasun sailburua asteartean aurkeztuko duenaren oso bestelako aurrekontua behar litzateke".
Hala ere, "Jaurlaritzen esku dago bere politikak zuzentzen hastea". Zentzu horretan, Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuek "aldaketa horretarako aukera ematen dute", Jaurlaritzak "gure gizartearen sektore apalenen beharrei premiaz ekiteko".
"Pentsio baxuenak osatzea, gazteentzako kalitatezko enplegua sustatzea eta emakumeok sufritzen dugun soldata arrakala borrokatzea, aurrekontu hauek onartzeko gutxiengoa da", esan du.
Iriartek adierazi duenez, Finantzen Euskal Kontseiluak "diseinatutako marko orokorrean sartzen da, arazorik gabe". Horregatik, eskaintza honen aurrean "ez da aitzakia ekonomikoentzako lekurik egongo" eta "erabaki politikoa" izango da.
Pentsioak
Pentsio baxuenak osatzeko, 350 milioi euroko inbertsioa proposatu du EH Bilduk, "1.080 euroko pentsio minimoa "modu progresiboan" lortzeko "zerumugan lehen pausoa" bezala, esan du Kortajarenak.
Legebiltzarkideak ohartarazi duenez, EAEn 190.000 pertsonak jasotzen dute Gutxieneko Soldatatik beherako pentsioak, eta horietako "15.000k baino ez dute osagarririk", Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez. Horregatik, bere ustez, kolektibo honen prekarietatea "arindu" behar da, "hileroko osagarri baten" bidez, eta horrek hurrengo ekitaldietan ere "jarraikortasuna izan" beharko luke, sistemari, eredu fiskalari, Gizarte Segurantzaren eskuduntzari eta Gutxieneko Soldatari buruzko "eztabaida serio batekin batera".
Enplegua
70 milioi euroko inbertsioa ere proposatu du EH Bilduk, bereziki emakumeak eta gazteak "kolpatzen" dituen "lan merkatuko prekarietateari" aurre egiteko. Helburu horrekin, enplegu politiketan "lidergoa berreskuratzeko" hamaika plan proposatu dituzte.
Horien artean gazteen "kalitatezko enplegua" sustatzeko 20 milioi euroko plan bat dago. 5.000 gazteri zuzenduta dago, hiru urteko konpromisoa eta gutxienez 1.200 euroko soldata dituzten lan-kontratu mugagabeak bultzatzeko.
Belaunaldien arteko elkartasun plan bat ere proposatu dute, 20 milioi euroko inbertsioarekin. Horien bitartez, lan merkatuan "erreleboari modu ordenatuan" ekingo litzaioke. 10.000 gazte, emakume eta luzaroko langaberentzat dago zuzenduta.
Gainera, hurrengo partidak ere dakartza EH Bilduren proposamenak: luzaroko langabeen arreta pertsonalizaturako plana (10 milioi), soldata arrakala borrokatzeko plana (4 milioi), "zaintzak demokratizatzeko eta duin egiteko" neurriak (4 milioi), ekonomia zirkularra promozionatzeko neurriak (5 milioi), "talentua aberriratzeko" plana (1,5 milioi), doktoretza-ikertzaileen formazio bekak sendotzeko plana (milioi bat), enpresen "demokratizazioan" oinarritutako "enpresa-eredu berria" sustatzeko neurriak (milioi bat) eta "transmisio, itxiera edo porrot egoeretan" enpresen aktibitatea langileen esku mantentzeko neurriak (2 milioi).
Proposamena aztertuko du Eusko Jaurlaritzak
Ogasun Sailaren iturrien arabera, publikoki aurkeztu baino "lau minutu lehenago" jaso dute EH Bilduren proposamena, eta dauden "marko ekonomikoa eta eskuduntzak" kontuan hartuta aztertuko dute.