Ekonomia -

Greba orokorra

Sindikatuek 'arrakasta' azpimarratu dute; Gobernuak, 'eragin eskasa'

- ELAk eta LABek EAEn jarraipena "zabala" eta Nafarroan, berriz, "esanguratsua" izan dela esan dute.

- Patronalak grebak "porrot" egin duela dio.

- EAk eta EBk Aresen agertzea eskatuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko eta Nafarroako langileek greba eguna izan dute ostegunean, sindikatu abertzaleek deituta, pentsioen erreformaren aurka protesta egiteko.

Bien bitartean, Madrilen, Gobernua eta sindikatuak negoziatzen aritu dira, eta akordioa lortu dute, 38,5 urte kotizatzen dituzten langileak 65 urterekin erretiratu ahal izateko.

Greba eguna arazo barik hasi da, baina orduek aurrera egin ahala hainbat istilu jazo dira. Gutxieneko zerbitzuak, bestalde, normal bete dira.

Sindikatu abertzaleek jarraipena "oso handia" izaten ari dela nabarmentu dute, Gobernuak, berriz, jarraipen eskasa izan duela esan du, %20a hain zuzen. ELA eta LAB pozik agertu dira langileen erantzunarekin.

ELA: Ertzaintzak enpresarien alde egin du

Patxi Agirrezabala ELAko komunikazio idazkariak adierazi duenez, grebari emandako erantzuna "oso garrantzitsua" izan da EAEn; Gipuzkoan eragina "erabatekoa" izan da, "handia" baina apur bat baxuagoa Bizkaian eta Araban ere erantzun ona izan dela adierazi du.

Agirrezabalaren ustez, Poliziaren presentzia "oso handia" izan den arren, langileek grebariemandako babesa nabarmentzekoa da. "Poliziak ez die piketeei euren lana normaltasunez egiten utzi", salatu du Agirrezabalak, "Ertzaintza enpresarioen alde jarri dute, haien interesak defendatzeko, eta ez greba eskubidea defendatzeko", gaineratu du.

LABek Aresen dimisioa eskatu du

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Rodolfo Ares Barne sailburuaren dimisioa eskatu du "langileak ezin direlako gaur bezala jo eta astindu".Era berean, CCOOk eta UGTk "muga guztiak gainditu" dituztela adierazi du, eta Gobernuarekin pentsioen erreformaren inguruan adostutako aurreakordioarekin "gizartearen zati handi bat erretirorik gabe utzi dute".

Lehendakaria: "Greba arduragabea da"

Patxi Lopez lehendakariaren ustez, gaurko greba arduragabea da.

Telecincon egindako elkarrizketan hiru arrazoi eman ditu uste horri eusteko: batetik gobernuak eta sindikatuek akordioa lortu izana; bigarrenik, grebaren deitzaileek hitzarmen sozialetarako mahaian esertzeari uko egin izana; eta azkenik, legealdi honetako hirugarren greba izatea.

Datuak

Eusko Jaurlaritzak eguneko datuak jakitera eman ditu. Datu horien arabera, greba langileriaren % 20k jarraitu du. Babesa handiagoa izan da Gipuzkoan (% 30 inguru). Bizkaian % 16k lana utzi du eta Araban % 13k.

JARRAIPENA SEKTOREEN ARABERA

Hezkuntza

Sindikatuek iragarri dutenez, % 60-65ekoa izan dela Euskadiko hezkuntza publikoan, eta % 100ekoa hezkuntza pribatuan eta ikastoletan. Hitzartutako zentroetan % 80ko inguruko lanuztea izan da, EHUren hiru campusetan bezala.

Jaurlaritzak dio % 22koa izan dela sektore publikoan, eta % 12koa pribatuan.

Nafarroan, bertako Gobernuak emandako datuen arabera, % 16k grebaren alde egin du. Euskarabide Institutuaren kasuan, lanuzteak nabarmen handiagoak izan dira, % 64,71k egin du greba.

Osasuna

Julian Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak jakinarazi duenez,&' || 'nbsp; jarraipena % 7,33koa izan da, hau da, 17.724 langiletik, 1.278k egin dute greba.

Lurraldeka, parte-hartze handiena Gipuzkoan dute, langileen % 9,8k egin baitute bat deialdiarekin. Bizkaian % 6,34 izan dira, eta Araban % 5,82.

Perezek azaldu du ospitale handienetan ez dela aparteko gertakizunik izan. Txagorritxun (Gasteiz) lau ebakuntza atzeratu egin behar izan dituzte, besterik ez.

Gurutzetan (Bizkaia) eta Donostiako Ospitalean kontsulta eta rehabilitazio zita batzuk ere atzeratu dituzte.

Nafarroan, berriz, % 2,88k egin du greba. Lan Osasunaren Erakundean, hala ere, % 18,84k egin du.

Administrazioa

% 21eko jarraipena Eusko Jaurlaritzan, Gasteizko Gobernuaren beraren arabera.

% 3,84koa Estatuko Administrazioan (% 6,09 Gipuzkoan, % 4,14 Araban eta % 2,48 Bizkaian), aipatu iturrien esanetan.

Nafarroako Administrazioari dagokionez, 1.740 langilek jarraitu du greba, hau da, % 8,98k.

Industria

LABen esanetan, Durangaldeko, Busturiako, Lea-Artibaiko, Goierriko eta Debako industria nagusiak itxita egon dira.

Itxita izan diren konpainien artean honakoak aipatu ditu: CAF, Indar, Rodisa eta Estampaciones Metalicas Vizcaya.

Kooperatiben sektorean "jarraipen handia" egon da, eta Fagor Ederlan, Orklu, Ampo eta Irizar "guztiz itxita" izan dira.

Eusko Jaurlaritzak % 21ekoa zenbatu du, orokorrean.

Garraioa

% 10eko parte-hartzea, Gasteizko Gobernuaren arabera, baina % 46koa EuskoTrenen kasuan.

% 13,75 Metro Bilbaon.

Sindikatuen arabera, EuskoTrenen, Euskotranen eta Metro Bilbaon gehiengoa izan da greba egin duena.

Beste batzuk

Sindikatuen arabera, Pasaia eta Bilboko Portuetan lanuzteak nagusitu dira eta oinarrizko zerbitzuak bakarrik izan dira martxan.

EITBn langileen % 35ek egin dute bat grebarekin, Jaurlaritzaren ahotan. Garan, Berrian eta HITZA aldizkari gehienak % 100ean jarraitu dute greba.

ISTILUAK

Guztira bi pertsona atxilotu eta hamar auzipetu dituzte grebaren egun osoan izandako istiluetan.

Hain zuzen ere, pikete bateko kidea Trapagaranen (Bizkaia) atzeman dute, eta bat, emakumezkoa, Gasteizen.

Bestalde, Gasteizen zortzi pertsona auzipetu dituzte, desordena publikoak egitea egotzita. Lauri edukiontziak gurutzatzea egotzi diete, eta gainontzekoei, desobedientzia.

Bilbon, Atzerritarren Bulegoaren kontra egin dute erasorik larriena. Gobernuaren Azpiordezkaritzak kalteak zenbatu eta errudunak epaitegietara eramateko erabakia aztertzen ari dela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea