Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Greba EAEn eta Nafarroan, Gobernuak erreforma onartzeko bezperan
Sindikatu deitzaileek aurrez ikusi dute jarraipena "oso handia" izango dela, baina Patxi Lopez lehendakariak ziurtatu du "giroa" ez dagoela grebetarako.
Erredakzioa
Sindikatu abertzaleek greba orokorra deitu dute gaurko, pentsioen erreformaren aurka, Madrilgo Gobernua eta ekonomi agenteak negoziazioaren azken zatian dauden bitartean. Ministroen Kontseiluak erretiro-adina bi urtez luzatzea onartuko du ostiralean ziur asko.
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek "antzerkitzat" jo dute gizarte-elkarrizketa, eta greba orokorraren deialdiari eutsi diote, EAEn eta Nafarroan. Beste behin ere, sindikatuek bide ezberdinak hartu dituzte, eta CCOOk eta UGTk negoziatzen jarraitzen dute Madrilen.
ESK-k eta CNTk bat egin dute deialdiarekin; eta alderdi abertzaleek ere babestu dute.
Asteartean, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak grebarekin bat egin zuten, eta egun batzuk lehenago Aralarrek gauza bera egin zuen; izan ere, "guztiz bidezkotzat" jo dute greba.
Ministroen Kontseiluak erretiroa hartzeko adina bi urtez atzeratzeko asmoaren bozketa egiteko bezperan saiatuko dira sindikatuak jarduera gelditzen.
Urtarrilaren 27ko greba deitu duten sindikatuen ustez, pentsioetan egin nahi duten erreforma gai horren inguruan inoiz onartutakoen artean "okerrena" da; izan ere, "erretiro-pentsio duina izateko eskubidea arriskuan" jarriko duela uste dute sindikatuok, besteak beste, kotizazio epea luzatzea, erretiro-adina 67 urtera arte atzeratzea eta prestazioak murriztea ekarriko duelako.
Azken sei hilabeteotan EAEn deitu den hirugarren greba orokorra izango da hau, lan-erreformaren aurka deitutako bien ostean.
700 langile batzordetik baino gehiagok iragarri dute ez dutela lanik egingo, ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk egindako deialdiari jarraituta, Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsioen erreformaren aurka.
Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuek eztabaida piztu dute; sindikatu abertzaleen arabera, "gehiegizkoak" dira, eta horien aurka helegitea jarriko dutela iragarri dute.