Ekonomia -
Interes-gatazka
Iberdrola-ACS auziaren epaiketa hasi da Bilbon
Florentino Perezen konpainiak auzitara eraman du Iberdrola; nahiz eta akziodun nagusia izan ez diolako administrazio kontseiluan sartzen uzten. Iberdrolak "lehiakide zuzena" dela argudiatu du.
Erredakzioa
Goizeko hamarrak jota zirenean hasi da Iberdrola-ACS auziaren epaiketa Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregian. Konpainia elektrikoak ez du utzi enpresa eraikitzailea administrazio kontseiluan sartzen, nahiz eta parte hartze handiena (% 20,2) duen akzioduna izan.
Hori horrela, Florentino Perezek auzitara eraman du Iberdrola ez dagoelako ados Ignacio Sanchez Galan presidente duen enpresaren akziodunen batzarrak hartutako zenbait erabakiekin.
Florentino Perezen enpresak 2010eko martxoaren 26an Iberdrolaren akziodunen batzarrak hartutako bi erabaki jarri zituen auzibidean. Lehena, batzarrak errefusatu egin izana ACSk berak hautatutako ordezkaria (Jose Maria Loizaga), eta bigarrena, administrazio kontseiluaren kide kopurua 14ra jaitsi izana.
Bere aldetik, ACS "lehiakide zuzena" dela argudiatu du Iberdrolak eta hori erakutsi nahi du astearte honetan abiatutako epaiketan.