Ekonomia -
Behin-behineko erregulazioa
Nafarroako Volkswagen lantegiak 8 eguneko lan-erregulazioko espedientea ezarriko du
Bi arrazoi nagusi daude ekoizpena eten eta lan-erregulazioko espedientea ezartzeko: batetik, gasolinazko motorra duten autoen eskaeraren gorakada, eta, bestetik, ekoizpena bermatzeko motorren falta.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Volkswagen lantegiak zortzi eguneko lan-erregulazioko espedientea ezarriko du irailean, Landabengo zuzendaritzak astelehenean langile batzordeari jakinarazi dionez. Zuzendaritzaren esanetan, bi arrazoi nagusi daude ekoizpena eten eta lan-erregulazioko espedientea ezartzeko: batetik, gasolinazko motorra duten autoen eskaeraren gorakada, eta, bestetik, ekoizpena bermatzeko motorren falta.
Eugenio Duque Nafarroako Volkswagen lantegiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak jakitera eman duenez, arratsalde honetan bertan "premia handiz" biltzeko deia egin die zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariei; izan ere, lantegia irailaren 3tik 9rako astean bost egunez ixteko proposamena egingo die Landabengo zuzendaritzak. Duquek esan duenez, beste hiru egunak zehaztu gabe dituzte oraindik.
Nafarroako Volkswagen lantegiko zuzendaritzak hartutako erabaki horren aurrean, sindikatuak asteazken honetan bilduko dira, gaia jorratzeko negoziazioetan nortzuk hartuko duten parte zehazteko. "Lan-erregulazioko espedientearen inguruko baldintzak negoziatuko duten pertsonak zeintzuk diren jakinarazi behar diogu enpresari”, azaldu du Duquek.
Zuzendaritzak eta sindikatuek arratsalde honetan egingo duten bileraren ostean, baliteke aste honetan bertan beste bilera bat egitea, zortzi eguneko etenaldi horren inguruan "informazio gehiago izateko".
Duqueren hitzetan, ekoizpena zortzi egunez eteteko asmoa astelehenean jakinarazi dio zuzendaritzak langile batzordeari, eta langileek berria "harriduraz" hartu dutela adierazi du. Alabaina, autoen ekoizpena homologazio neurri berrietara egokitu behar zutela bazekitela esan du Duquek, eta astebeteko atzerapenak ekoizpena eten dezakeela ohartarazi du; izan ere, auto berriek gas isuriak neurtzeko sistema berria behar dute, baina oraindik ez dituzte ekoizpena bermatzeko behar dituzten motorrak jaso. Automobilgintza sektoreak Europa mailan duen arazoa dela esan du zuzendaritzak.