Ekonomia -
Pentsio duinen alde
Bizkaiko pentsiodunek 'manifestazio handia' egingo dute gaur Bilbon
12:00etan Moyuan hasi, eta Bilboko udaletxearen atarian amaituko da. Adin guztietako herritarrak elkartu nahi dituzte hiriburuan, belaunaldi guztiek pentsiodunei babesa adierazteko helburuarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Pentsio duinen alde abuztuaren 20rako Bilbon deituriko manifestazioan parte hartzeko deia egin dio ostegunean Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak gizarte osoari. Izan ere, adin guztietako herritarrak elkartu nahi dituzte Bizkaiko hiriburuan, "manifestazio erraldoia" egiteko eta belaunaldi guztiek pentsiodunei babesa adierazteko asmoz.
Bizkaiko pentsiodunen elkarte guztiak biltzen dituen kolektibo horretako bozeramaileek jakitera eman dutenez, Bilboko Aste Nagusian egingo duten manifestazioa Moyua plazatik abiatu, eta Bilboko udaletxearen atarian amaituko da. Hala, herritar guztiek parte-hartzea bultzatze aldera, Bilboko Konpartsek pentsiodunen aldarrikapenak babestuko dituzte, eta batukada festa egingo dute.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak azaldu duenez, Errioxako eta Asturiasko pentsiodunen elkarteak ere etorriko dira Bilbora, jai-giroan egingo duten manifestazioarekin bat egitera.
"Atzerapauso bat bera ere ez" dutela emango esan ondoren, urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, beste manifestazio bat egingo dutela aurreratu dute. Egun horretan, oraindik zehazteko dagoen jarduera berezi bat egingo dutela iragarri dute.
Hala, asteleheneko manifestaziora betiko aldarrikapenak eramango dituztela aurreratu dute, eta pentsio duinak eta publikoak bermatuko dituen sistema publikoaren alde tinko eutsiko diotela esan dute. "Pentsiodunak aurrera" oihuen artean, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eskatuko dute, eta soldatak KPIaren arabera igotzea. Halaber, pentsioak osatzeko asmoz, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bat (BGAE) sortu eta diru-ekarpenak bertan egitearen kontra agertu dira.