Ekonomia -
Negoziazioak sindikatuekin
Sindikatuek erretiroaren atzerapena onar dezakete, Salgadoren iritziz
Ekonomia presidenteordeak esan du Gobernuak negoziatzen jarraituko duela "bihar, etzi eta behar den egun guztietan" urtarrilaren 28a arte, epea amaitzen den arte.
Elena Salgado ekonomia presidenteordearentzat "ez da ezinezkoa" sindikatuek azkenean erretiro adina 67 urtera atzeratzeko erabakia onartzea. Gobernuak "bihar, etzi eta behar den egun guztietan", urtarrilaren 28a arte, epea amaitzen den arte, negoziatzen jarraituko duela azpimarratu du Salgadok, helburua akordioa lortzea baita.
Salgadok uste du negoziazioak aurrera egiten duen heinean "akordiorako aukerak ere ugaritu" egingo direla, baina "zaila" izango dela. Dena dela, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen "ausardia" goraipatu du ez duelako erreforma beste legegintzaldi baterako utzi.
Salgadok esan du ez litzatekeela albiste ona izango CCOOk eta UGTk beste greba orokor bat deitzea pentsioen erreformaren kontra, baina erabakia hartuz gero, errespetatu egingo dutela esan du, nahiz eta Gobernuak "ahal duen guztia" egingo duen horrelako mobilizaziorik ez gertatzeko.
Gobernuak eta sindikatuek beste bilera bat egingo dute gaur asteburuko etengabeko harremanen ostean.