Ekonomia -

Lan-hitzarmena, eztabaidan

Greba egingo dute ostiralean Arabako dendariek, Bizkaian dena zabalik

Bizkaiko dendek ateak zabalduko dituzte beherapenen lehenengo egunean. Araban, 1.000 pertsonatik gora dago deituta greba egitera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako denden langileek grebarekin emango diote hasiera merkealdiaren lehen egunari. Lan hitzarmenean aurrerapausorik ez da izan eta ostiralerako greba deitu dute arropa dendetan ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Sektoreko 1.000 langile inguru dago deituta ostiraleko grebara.

2009tik izoztuta dagoen lan-hitzarmenean aurrerapausoak ematea da eskatzen dutena. Sindikatuek egiten dituzten eskarien artean, soldata igoerarena dago eta puntu horretan ez daude hain urrun UNIMODA patronala eta sindikatuak. Negoziatzeko borondatea eskatzen diete enpresariei, halaber.

Jarrera hurbilketarik ez badago, Araban ostiralean arropa merkealdirik ez dela hasiko adierazi dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zara eta H-M dendetako langile batzordeek, esaterako, bat egin dute dagoeneko greba deialdiarekin.

Bizkaian, ateak zabalik

Bizkaiko saltokiek ateak zabalik izango dituzte, patronalak eta Bizkaiko merkataritza alorreko lau sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) negoziazioetan aurreakordio bat lortu ostean.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, Cecobi eta sindikatuen artean "gerturatze bat" eman da, batez ere, lan-hitzarmenari dagokiona. "Patronalak emandako aurrerapauso horiek finkatzeko" greba bertan behera uztea erabaki dute; beraien asmo ona Patronalari erakusteko.

Sindikatuen aurreikuspenen arabera, lan-hitzarmenak otsailaren 15 baino lehen sinatzea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea