Ekonomia -

Industria ministroak onartu du

Renault-en espioitza kasu 'larria' dutela aitortu du Frantziak

Antza denez, enpresa ospetsuko hiru exekutibok auto elektrikoari buruzko datuak zabaldu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu frantziarrak baieztatu duenez, Renault auto-ekoizle enpresan espioitza auzi "larria" izan da eta, antza, auto elektrikoaren garapenean izan lezake eragina.

Éric Besson Industria ministroak RTL irratian esan duenaren arabera, "gerra ekonomikoa" dirudi oraingokoa eta "bai, zoritxarrez, kontua larria dela ematen du".

Le Figaro egunkarian agertzen denez, enpresako hiru exekutibo, Renaulteko zuzendaritza batzordeko kideak, auto elektrikoari buruzko datuak zabaldu dituzten susamagarri dira, enpresaren "proiektu garrantzitsuenari" buruzko datuak, alegia, auto elektrikoaren ingurukoak.

Bessonek bere ministerioaren zerbitzuei esan die diru publikoa jasotzen duten enpresek sekretu industriala bermatu behar dutela.

Bitartean, Renaultek ez du tutik ere esan iskanbila honen inguruan. Enpresak urte berriaren hasieran bi auto elektriko salmentan jartzeko asmoa du, esaterako, Fluence eta Kangoo autoak. Aurrerago, Twizy eta Zoe izango dira eskuragai, 2011ko bigarren seihilekoan eta 2012ko hasieran, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea