Ekonomia -
Euskadiko langileak
Eusko Jaurlaritza BGAE bat diseinatzen ari da, pentsio publikoak osatzeko
Euskadiko langile guztiek pentsioak “osatzeko”, BGAE bat sortzearen alde azaldu da Azpiazu, baina prestazio publikoak “kolokan jarri” gabe.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko langile guztiek pentsioak “osatzeko”, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde (BGAE) bat sortzearen alde azaldu da gaur Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua, baina prestazio publikoak “kolokan jarri” gabe.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur aurreratu duenez, behargin guztientzako BGAE sistema bat diseinaturik izango du laster Exekutiboak. Mota honetako funts bat bultzatzeko beharra nabarmendu zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ostegunean. Gainera, ekimena garatzeko “esfortzu bat” eskatu zien Rementeriak enpresaburuei eta sindikatuei.
Zentzu horretan, Jaurlaritzak “denbora asko darama lanean”, Azpiazuk prentsaurrekoan, Gasteizen, gogorarazi duenez. Sailburuaren ahotan, eragile guztien arteko “adostasun zabalak” beharrezkoak dira.
Pentsio osagarriak “Euskadiko herritar guztientzako izatea” nahi du sailburuak, baina “oraingo” prestazio publikoak “sekula zalantzan jarri barik”.
Gizarte-aurreikuspen Euskal Kontseilua urtea bukatu baino lehen deitzea espero du Azpiazuk, baina “akordio zabala” lortu behar da aurrena.