Ekonomia -
Txostena onartu du
Pentsioen inguruko 21 gomendio adostu ditu Toledoko Itunak
Madrilgo Kongresuak urtarrilaren 25ean eztabaidatuko du Toledoko Itunaren dokumentua. Espainiako Gobernuak hilaren 28a baino lehenago onartu nahi du pentsio sistemaren erreforma.
Erredakzioa
Toledoko Itunaren Batzordeak pentsioen erreformari buruzko 21 gomendio biltzen dituen txostena onartu du gaur eguerdian. ERCk, IUk, ICVk eta BNGk kontrako botoa eman ditu, eta gainerako alderdiek, berriz, aldekoa.
Madrilgo Kongresuak urtarrilaren 25ean eztabaidatuko du Toledoko Itunaren dokumentua. Espainiako Gobernuak hilaren 28a baino lehenago onartu nahi du pentsio sistemaren erreforma.
21 gomendio biltzen ditu gaur onartu duten dokumentuak. Tartean, 2011. urtean pentsioak izoztearen aurkako iritziak bildu dituzte testuan. Erretiroaren adinari buruz akordiorik ez dute adostu.
Taldeen iritziak
Tomas Burgos PPren ordezkariak Toledoko Itunaren lana azpimarratu du eta batzordearen lana gutxiesteko "nahia" kritikatu.
Burgosek esan du ez dagoela ados batzordea tratatu duten erarekin, eta "akordioa atzera botatzear" egon dela esan du.
Hala ere, Gobernuari dokumentua errespeta dezala eskatu dio eta erretiroa hartzeko adina atzeratzeko asmoa ahaztu dezala, behar diren neurriak ez baitira ausartak, "testuinguruarekiko egokiak baizik".
Carles Campuzano CiUren bozeramailea, bere aldetik, baikorrago agertu da eta uste du herritarrek jasoko duten mezua talde politikoek egungo eta etorkizuneko pentsioen segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko apustua egin dutela izango dela.
Campuzanok alderdi ezkertiarren jarrera kritikatu du, erreformen beharra ukatu dutelakoan, eta hori "arduragabekeria handia" omen da. Era berean, gaur onartu duten itunak nahikoa babes duela uste du, eta Gobernuak errespetatu egin beharko duela.
Horren harira, Emilioi Olabarria EAJren ordezkariak esan du Gobernuak dagoeneko idatzia duela pentsioen erreformarako lege proiektua.
Gainera, Olabarriak nabarmendu du Gobernuak lehenengo aldiz ez duela errespetatuko Toledoko Itunaren batzordeak egindako aholkua, 2011ko pentsioak izoztearen kasuan.
Olaia Fernandez BNGren bozeramaileak gogor gaitzetsi du pentsioen erreforma merkatuen exijentziengatik egin izana eta eskubideak murriztea denentzat lanpostuak bermatu beharrean.
Joan Tarda ERCren bozeramaileak uste du maltzurkeria bat dela Gobernuak gaurko aholkuei jaramonik ez egitea, "Parlamentuko lanaren duintasunaren kontrako erasoa" delakoan. Dena dela, herritarrek erreformaren kontra egin duten mobilizazioari "Gobernuak jaramon egingo diola" espero du.
Gaspar Llamazaresek, IUren izenean, salatu du pentsioen sistema publikoa "txiroen sistema" bihurtzen ari dela.