Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaiko dendariek urtarrilaren 7ko grebari eusten diote
Patronalak egindako azken eskaintza ez zela nahikoa uste dute sindikatuetako ordezkariek eta hilaren 28an berriro bilduko direla iragarri dute.
Erredakzioa
Sindikatuen ordezkarientzat Cecobi Bizkaiko Merkataritzaren patronalak atzo egin zien azken eskaintza ez da nahikoa eta datorren urtarrilaren 7ko grebari eustea erabaki dute.
Atzo arratsaldean bilera egin zuten negoziazio mahaietan sindikatuek eta patronalak. Bilera egingo zutela jakin ostean, atzoko eta gaurko grebak bertan behera uztea erabaki zuten ELAk, LABek eta CC.OO.k; UGTk, berriz, patronalaren eskaintza entzun nahi zuen erabakia hartu aurretik.
Sindikatuetako iturriek azaldu dutenez, patronalak KPI eta atzerapenak eskaini zizkien, "orain arteko eskaintza onena". Hala ere, langileen ordezkarientzat hori ez da nahikoa eta beste proposamen bat egin zioten patronalari.
Enpresariek denbora eskatu diete sindikatuei azken proposamena aztertzeko eta datorren 28an berriro bilduko dira.
Bileraren ostean, UGTk ere atzoko eta gaurko grebak bertan behera uztea erabaki zuen "lan-hitzarmenak negoziatzen jarraitzeko asmoz". Dena dela, beste sindikatuak kritikatu ditu "patronalaren eskaintza entzun aurretik greba baztertzea erabaki zutelako".