Ekonomia -
Automobilgintza
CIE Automotivek hartuko du Abertisen lekua Ibex35en, ekainaren 18an
Euskal enpresa gustura agertu da, horrek ikusgarritasuna emango diolako atzerriko inbertitzaileen artean.
agentziak | erredakzioa
CIE Automotive automobilgintzarako osagaiak egiten dituen euskal enpresa taldea Espainiako burtsaren adierazle nagusiko parte izango da, Ibex35en sartuko da, alegia. Izan ere, Abertisek maiatzean utzitako hutsunea beteko du ekainaren 18tik aurrera.
Ibex35en Aholkulari Teknikoen Batzordeak hartu du erabakia, eta berriro 35 enpresa izango ditu adierazle garrantzitsu horrek.
CIE Automotive, urtero % 50 inguruko igoerak izaten dituena, kiniela guztietan zegoen Abertisen lekua hartzeko, Gestampekin eta Bolsa y Mercados Españolesekin batera.
Ibex35en sartzeko kontuan izaten diren irizpide nagusiak hauek dira: burtsan balio handia duten konpainiak izatea, inbertitzaileek negoziazio aktiboa izatea eta Estatu mailan "pisu handia" edukitzea.
Printzipioz, Ibex35en % 0,3 baino kapital txikiagoa duten enpresak ez dira sartzen, hau da, 1.900 milioi eurotik beherako kapitalizazioa dutenak. CIE Automotivek 4.500 milioi euroko kapitala du, eta 2017an 215,4 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen.
Euskal enpresa gustura agertu da burtsaren adierazle nagusian sartu dutelako, horrek ikusgarritasuna emango diolako atzerriko inbertitzaileen artean.
Enpresako iturrietatik azaldu dutenez, konpainiak egindako lanaren "aitortza" ere bada, eta estrategia berarekin jarraitzeko motibazioa.