Ekonomia -
Alarma egoera kendu ezkero
Grebarik egingo ez dutela agindu dute aire-kontrolatzaileek
Gatazkari irtenbide bat bilatzeko modua topatzeko deia egin dio kolektiboari USCA sindikatuak, Camilo Cela Aire-kontrolatzaileen Sindikatuko presidenteak azaldu duenez.
Erredakzioa
AENAk dituen aire-kontrolatzaileen (ia 2.400) % 85ek manifestu bat sinatu eta grebarik ez egiteko konpromisoa hartu dute, Gobernuak alarma egoera bertan behera uzten baldin badu.
Gatazkari irtenbide bat bilatzeko modua aurkitzeko deia egin dio kolektiboari USCA sindikatuak, Camilo Cela Aire-kontrolatzaileen Sindikatuko presidenteak azaldu duenez.
USCAk kontrolatzaileei gutun bat bidali die bere asmoak azalduz, negoziaketaren eta zerbitzua bermatzearen alde egin dezaten. Langile bakoitzak sinatzea edo ez erabaki du bere kabuz.
Celak irakurritako komunikatu batean USCAk argi utzi duenez, negoziaketei berriz ekitea da helburua, ahalik eta azkarren hitzarmen kolektibo berri bat sinatzeko.
Agiria irakurri ostean, Daniel Zamit eta Cesar Cabo sindikatuko komunikazio arduradunek negoziaketei berriz ekiteko nahia azaldu dute, hitzarmen berri bat sinatu ahal izateko. Baina, era berean, Gobernuari alarma egoera kentzeko eskatu diote.
Proposamena
Zamitek azpimarratu duenez, USCAk AENAri proposamen bat helarazi zion abenduaren 3a baino lehen. Bertan ez zuten diru gehiago eskatzen eta Sustapen Ministerioak urtarrilean aurkeztutako eta abuztuko aurreakordioan sinatutako proposamenak onartzen zituzten kontrolatzaileek.
Bozeramailearen hitzetan, AENAk horretarako borondatea edukiko balu, akordio batera heltzea posible izango litzateke "hamar egun baino lehen", egoera honekin "ahalik eta azkarren amaitzea" nahi dutelako kontrolatzaileek. Horregatik, konpromiso gutun horiek sinatu dituzte.
Bitartekarien aukera "ez da USCAren gustuko", izan ere, negoziatutako akordio batera heltzea hobeagoa eta iraunkorragoa izango litzateke, "inposaketa" bat baino. Puntu horretan, antza denez, akordioa dago Sustapen ministroarekin.