Ekonomia -

Salaketa

ELAk fiskalari eraman dizkio Osakidetzako azterketen ustezko filtrazioak

LAB epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari da, bide penala baztertu gabe.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako lan eskaintza publikoaren probetan, azterketen ustezko filtrazioak Euskadiko Fiskaltza Nagusiaren aurrean salatu ditu ELA sindikatuak. LAB epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari da, bide penala baztertu barik.

Probetan izandako “irregulartasunak” salatu zituzten bi sindikatuek iragan astean. Astelehenean Eusko Legebiltzarreko oposizioaren talde politikoek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) azalpenak eskatu zituzten, azterketen filtrazioak gertatu direla pentsatzeko zantzuak ikusten dituztelako.

“Oinarritutako” salaketarik jaso ez eta lan eskaintza publikoa “geldiarazteko arrazoirik” ikusten ez zuela erantzun zuen Osakidetzak. 90.000 pertsona baino gehiago aurkeztu dira deialdian.

Gorabehera bakarra Angiologia eta Hodietako Kirurgia epaimahaiko kide batek aurkeztutako idatzia dela errepikatu zuen Jon Darpon Osasun sailburuak. Horren harira, espediente bat zabaldu dela erantsi zuen Darponek.

“Egoera larria, gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizun penal zein politikoak garbitzeko beharra ikusita, egotekotan”, “ikerketa bat irekitzeko” eskatu dio ELAk Fiskaltzari.

ELAk salaketan azaldu duenez, “egoera batzuek azalpen zaila dute, berdintasunezko prozesu garbi baten ikuspegitik”, eta ez fidatzeko arrazoiak zerrendatu ditu sindikatuak.

ELA: "Egoera batzuek azalpen zaila dute, berdintasunezko prozesu garbi baten ikuspegitik"

Horrela, zailtasun handiko proba batean, non hautagaien % 10 baino gutxiagok bakarrik gainditu duten, “modu harrigarrian gutxi batzuek puntuazio askoz altuagoa lortu dute”, salatu duenez. “Diferentzia deigarria da eta zenbait kategoria medikoetan gertatzen da”, gaineratu duenez. “Azalpen zaila” duela uste du ELAk. Sindikatuaren ahotan, “oposiziogile ugariren kexak” sortu ditu horrek, “berdintasunik gabeko prozesu baten zantzuak ikusten dituztelako”.

Angiologia eta Hodietako Kirurgiaren epaimahaiko kidearen idatzia jasotzen du ELAk salaketan. “Irregulartasunak aditzera ematen ditu”, azpimarratu du sindikatuak. Elkarrekin Podemosek anestesia probak egin baino lehen notario aurrean erregistratutako agiria ere aipatu du ELAk. Arabako Unibertsitate Ospitalean sei lanpostuak lortu behar zituzten oposiziogileen izenak “asmatu” zituen koalizio moreak.

Era berean, EH Bilduk egindako txosten baten berri ematen dio ELAk fiskalari. “Hautagai gutxi batzuek, jokoan dauden lanpostuen kopuru berdina, gainerakoek baino nota askoz altuagoak lortu dituzte”, eta horietako batzuek “nota maximoa erdietsi dute, gainerakoek gainditzen ez duten bitartean”.

LAB: "Darponek salaketarik ez dagoela dionean, gezurretan ari da"

Bestalde, Darponek salaketarik ez dagoela dionean, “gezurretan” ari dela ziurtatu du LABek, sindikatuak ekainaren 1ean idatzi bat aurkeztu zuelako Osakidetzaren aurrean, “zantzu horiekin guztiekin”; eta ikerketa bat eskatu zuen. “Hamar kategoria medikoen notetan irregulartasunak” izan direla erakusten duen txosten bat entregatu zuen LABek atzo.

Sindikatu Medikoak jakitera eman duenez, 42 azterketaren emaitzak aztertu ondoren, 12 kategoriatan “susmoak” ditu, eta Osakidetzatik kanpo dauden eragileek “ikerketa sakon” bat egitea eskatu du. Etorkizuneko lan eskaintza publikoak “gardentasunarekin egiteko eta berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak betetzeko”, neurriak hartzea eskatu du sindikatuak.

Ustezko “irregulartasunengatik” sailburuaren eta Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendariaren dimisioa eskatu du ESKk. Patxi Nicolau ESKko ordezkariak notario-akta bat erregistratu zuen apirilaren 26an, puntuaziorik altuenak jaso dituzten oposiziogileen berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak