Ekonomia -
Osakidetzako azterketak
Osasun Saila: 'Ez dago arrazoi objektiborik lan eskaintza publikoa geldiarazteko'
Jon Darpon Osasun sailburuak esan du azterketak aurreikusitako egunetan egingo direla eta proba guztietako emaitzak "zorrotz" aztertuko dituztela.
EITB.EUS
Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi du ez dagoela "arrazoi objektiborik" Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa geldiarazteko eta, ondorioz, azterketak aurreikusitako egunetan egingo direla berretsi du.
Darponek agerraldia egin du arratsaldean, oposizioetan ustez izan diren irregulartasunen inguruko azalpenak emateko, oposizioko taldeek eta hainbat sindikatuk azterketak filtratu direnaren zantzuak daudela ohartarazi baitute. Alboan izan ditu Maria Jesus Mugica eta Maite Iruretagoiena Osakitzeko eta Admnistrazio Publikoaren Institutuko zuzendariak, hurrenez hurren.
Osasun Sailak, Osakidetzak eta Administrazio Publikoaren Institutuak "arrazoitutako salaketarik" jaso ez dutela azaldu du Darponek, eta irregulartasunak izan direla baieztatuko balitz, "beharrezkoak diren neurriak" hartuko dituztela agindu du.
Nolanahi ere, Darponek iragarri du Osakidetzako Administrazio Kontseiluak "proba guztietako emaitzak zorrotz" aztertuko dituela.
Darponek lasaitasunerako deia luzatu die oposiziora aurkeztu diren herritarrei nahiz epai-mahaiak osatzen dituzten Osakidetzako profesionalei. Oinarridun salaketarik ez dagoela eta gertakari garrantzitsu bakarra Angiologia eta Kirurgia Baskularreko epai-mahaiko kide batek aurkeztutako idatzia dela esan du. Espediente informatiboa ireki dute kasua argitzeko.
Alderdi politikoek eta sindikatuek egindako salaketaren harira, ondokoa esan du Darponek: "Norbaitek irregulartasunak izan direnaren zantzuak baldin baditu, salaketa aurkez dezala". Hala ez bada, azterketak gelditzeko arrazoirik ez dagoela azpimarratu du. 90.000 lagun baino gehiago aurkeztu dira Osakidetzaren oposizioetara.
Epai-mahaietako kideak
Darponek gogoratu du guztira 86 epai-mahai daudela eta epai-mahai horiek 1.376 profesionalek osatzen dituztela eta zehaztu du epai-mahai horietan ez dagoela Osasun Saileko, Osakidetzako edo Administrazio Publikoaren Institutuko goi-kargurik.
Epai-mahaiko kide guztiei babesa helarazi die, haien zintzotasunean sinesten duela esan du, baina guztiengatik eskua sutan jarriko ez lukeela erantsi du jarraian,"mundu guztia ez baita zintzoa". Konfidentzialtasuna urratu dutela eta azterketak filtratu dituztela egiaztatuko balitz, erantzukizunak argituko dituztela agindu du.
Elkarrekin Podemosek notario aurrean egindako dokumentuari dagokionez (anestesista lanposturako azterketa nor gaindituko zuen eta zenbatgarren geldituko zen iragarri zuten), Darponek esan du berak ez duela agiri hori eta, beraz, helarazi diezaiotela eskatu du.
Dokumentu horren harira, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak esan du enplegu publikoaren eta gardentasunaren alde dagoen alderdi batek informazio hori Osakidetzaren esku utzi ez izana "arduragabekeria" dela.
Edonola ere, proba guztietako emaitzak "zorrotz" aztertzeko agindua eman duela jakinarazi du Darponek. "Norbaitek irregulartasunak izan direnaren frogak baditu, jar ditzala mahai gainean, izen-abizenekin", erantsi du.
Azkenik, Mugikak zehaztu du ez dagoela salaketarik, baina orain arte egindako azterketen harira, 58 erreklamazio aurkeztu dituztela hautagaiek.
Irregulartasun zantzuak azterkeketan
Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoaren azterketetan, gutxienez hamar espezialitatetan, filtrazioak izan direla erakusten duten zantzuak daudela uste dute oposizioko alderdiek. Hori dela eta, azalpenak eskatu dituzte gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak espedientea ireki du, bi arlotan irregulartasunak izan ote ziren argitzeko, hainbat sindikatuk eta epaimahaiko kide batek hori salatu eta gero.
EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP alderdietako bozeramaileek hedabideen aurrean hitz egin dute, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiaren eta Jon Darpo Osasun sailburuaren agerraldia eskatuko dutela iragartzeko. Azaldu dutenez, filtrazio-susmo horien inguruan azalpenak eskatuko dizkiete.
Hiru taldeen arabera, zenbait hautagaik batezbestekoek baino askoz ere puntuazio hobeak atera dituzte proba batzuetan. Kardiologian, esaterako, 22 pertsonak posible ziren ehun puntuetatik guztiak atera zituzten bigarren azterketan, gainerako hautagaiek atera zutenarekin bikoitza. Espezialitate horretan 22 lanpostu eskaini zituzten.