Ekonomia -
Langabezia
3.286 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean Hego Euskal Herrian
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan 122.801 langabe daude gaur egun; Nafarroan, berriz, 33.336.
2.103 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskadiko lan zerbitzu publikoen bulegoetan maiatzean, apirilean baino % 1,68 gutxiago. Beraz, gaur Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak helarazitako datuen arabera, 122.801 langabe daude Euskadin.
2017ko maiatzeko datuak kontuan izanik, iaz baino 11.435 pertsona gutxiago daude langabezian gaur egun. Horrenbestez, urte arteko jaitsiera % 8,52koa izan da.
Lurraldez lurralde, Bizkaian 1.419 langabe gutxiago (-% 1,97) daude apirilarekin konparatuz gero eta 6.232 gutxiago (-% 8,12), 2017ko maiatzeko informazioa kontuan hartuta.
Gipuzkoan, 409 pertsonak utzi dute langabezia (-% 1,25) apiriletik, eta 3.494k iazko maiatzarekin alderatuz (-% 9,75).
Araban, 275 langabe gutxiago daude maiatzean, eta iazko hilabete berean baino 1.709 gutxiago (-% 7,91).
Nafarroako datuei erreparatuz gero, langabeziak % 3,43 egin du behera maiatzean (1.183 pertsona), Lan Ministerioak argitaratutako datuen arabera.
Hortaz, Foru Erkidegoan 33.336 herritar daude lanik gabe, iazko maiatzean baino 3.437 gutxiago. % 9,35 egin du behera langabeziak.
Eusko Jaurlaritzaren balorazioa
"Ekonomiaren susperraldiarekin batera lan arloan oro har ematen ari diren urrats onak" nabarmendu ditu Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Dena den, sailburuaren esanetan, "beharrezkoa da emakume gehiago lanean hastea, gizonezkoek etekin gehiago ateratzen baitie lan eskaintzei".
"Nabaritzen da kontratazioa suspertzen ari dela hainbat eremutan: ostalaritzan (+3.943) eta lehen sektorean (+2.285); arlo artistikoan eta aisialdian (+1.483), eta osasunaren eta zerbitzuen ataletan (+1.297)", gaineratu du sailburuak.
Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide eta Lan presidenteordeak maiatzean langabeziak behera egin izana baloratu du. Era berean, Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruaren gorakada azpimarratzeaz gain, kontratu mugagabeak ugaritu direla nabarmendu du.
Ondoren, langabeak gehien gutxitu diren hirugarren erkidegoa Nafarroa izan zela goraipatu du Laparrak: 1.183 pertsona (% 3,43). Bestalde, kontratazioak % 16,8 egin du gora, gehien igo den laugarren erkidegoa (35.535 kontratu).
"Bereziki pozgarria da kontratazio mugagabearen gorakada", azaldu du, maiatzean 2.192 egin zirelako. Urteko datuen harira, % 19,9 egin duela gora adierazi du; behin-behineko kontratuek, aldiz, % 6,5.