Ekonomia -

Lan-hitzarmenak

Hitzarmenen estatalizazioak 120.000 langileri eragiten dio Nafarroan

LAB sindikatuak bi orduko lanuzteak deitu datorren maiatzaren 30ean, "Espainiako Gobernuak abiarazi duen zentralizazioa" salatu eta langileen eskubideak arriskuan daudela ohartarazteko.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EiTB
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EiTB
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak ohartarazi du Espainiako Gobernuak hasi zuen “estatalizazio” prozesuak askatasun demokratikoetan eragina izango duela, “arlo politikoa, sozialean nahiz langileen esparruan. “Eskubide kolektiboak eta indibidualak arriskuan” daudela uste du LABek. Hori dela eta, maiatzaren 30ean bi orduko lanuzteak deituko dituela iragarri du.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azaldu duenez, Espainiako Estatua planteatzen ari den “inboluzioa” salatzeko egingo dituzte mobilizazioak.

Estatuaren helburu nagusiak hiru direla adierazi du. Alde batetik, zentralazioa bilatzen ari dela esan du eta horren erakusgarri jarri du Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarri izana. “Neurri hori guztiontzako abisua da, baita Nafarroarentzat ere”, azpimarratu du.

Bestetik, Espainiako Gobernuak askatasun demokratiko indibidualak eta kolektiboak murriztu nahi dituela iritzi dio, “bereziki Katalunian eta Euskal Herrian”. Eta honekin guztiarekin “Estatuan eredu neoliberala” ezarri nahi duela ohartarazi du.

Ildo horretan kokatu du lan-harremanak zentralizatzeko arrazoia. “Erabakiak hartzeko esparruak eta hizketakide sindikalak aldatu nahi dituzte”, gaineratu du.

Gauzak horrela, LAB sindikatuak egindako ikerketaren arabera, Nafarroan 120.000 langile baino gehiagori eragingo die negoziazio kolektiboaren eta hitzarmenen estatalizazioak.

Lan-erreforma indarrean sartu aurretik, hogei bat sektoretako 25.000 langile ingururi Estatuko hitzarmenak aplikatzen zizkieten Nafarroan.

Orain beste 4.000 langileri aplikatuko dizkiete Estatuko itunak, hala nola, Arte Grafikoko edo Kolektibitate eta Drogeria sektoreetako beharginei, lehenago akordio batera heltzen ez badira behintzat.

Metalgintza, Eraikuntza eta Garbiketa sektoreetako 61.500 behargin ere kaltetu dituzte. Kasu horietan hitzarmen autonomikoak indarrean badaude ere, hainbat puntutan Estatuko baldintzak ezarri dizkiete eta okerrera egin dute.

Nafarroako sektore publikoan, ostera, 30.000 langilerengan izan du eragina estatalizazioak, besteak beste, lan-taldeak egonkortzeko edo handitzeko deialdiak egiterakoan.

LABek ohartarazi du zentralizazio prozesu honek “prekarietatea” ekarriko duela Nafarroara eta testuinguru honetan UGT, CCOO eta CEN izaten ari diren jarrera kritikatu du, estatalizazioa bultzatzen duten itunak sinatzeagatik.

Bestalde, Garbiñe Aranburuk berretsi egin du LAB eta ELA sindikatuen arteko harremana txarra dela, prozesu soberanistaren aldeko akordioa betetzen ari ez delako.

“Atzeraka egiten ari garen garai honetan, sindikatuen erronka egoera honi aurre egitea eta erantzun soziala prozesu soberanistari lotzea dela uste dugu; aldaketa soziala egongo bada, aldaketa politikoa behar delako”, nabarmendu du Aranburuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa LAB Lana Ekonomia Albisteak Sindikatuak