Ekonomia -
Kaosa aireportuetan
Rubalcaba: 'Justiziak erabakiko du nork ordaindu behar duen'
Alfredo Perez Rubalcabaren iritzian, azken urteotan kontrolatzaileek botere handia lortu dute eta "haiei aurre egiteko ausardia izan duen Sustapen ministrorik ez da izan".
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcabak gaur azpimarratu duenez, kontrolatzaileen lanuzteak Estatuko aireportuetan eragindako kaosa "ordaindu behar den ala ez, eta hala bada, nork ordaindu behar duen, Justiziak erabakiko du".
Espainiako Gobernuaren lehen presidenteorde eta Barne ministroak RNE irrati-katean egindako elkarrizketan azaldu duenez, ostiraleko eta larunbateko gertakariak "duela urte asko kontrolatzaileek pribilegioekin eraikitakoa behera botatzeko gerraren beste pasarte bat baino ez da izan". "Kaosa eragin dutenei ezin zaie hau guztia dohainik atera eta lanpostua hutsik eta herritarrak botata utzi izana ordaindu behar dute", erantsi du. Gauzak horrela, gogora ekarri du zenbait auzibide irekita daudela, bata lan-arlokoa eta beste bi judizialak: Estatuko Fiskaltzak zigor-arlotik zabaldu duena eta bestea arlo zibilekoa, kaltetutako herritarrek auzitara joateko aukera izan dezaten.
Horrez gain, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ostegun honetan Diputatuen Kongresuan agerraldia egingo duela adierazi du, alarma-egoera ezartzeko Gobernuak erabili zituen argudioak azaltzeko. Rubalcabaren arabera, azken urteotan kontrolatzaileek botere handia lortu dute eta "haiei aurre egiteko ausardia izan duen Sustapen ministrorik ez da izan". Ildo horretan, bere aita Iberiako pilotua izan zela eta, beraz, aire-kontrolatzaileen mundua ezagutzen duela nabarmendu du.
Amaitzeko, joan den ostiralean Ministroen Kontseiluak onartutako dekretua babestu du, "onartezina da langileek Gobernuari eta herritarrei pultsua egitea", gaineratu du.