Ekonomia -
Grebaren ostean
Anton: 'Gatazka ez dugu oraindik konpondu, ezta gutxiago ere'
Ohikora itzuli dira aireportuak, kontrolatzaileen % 100 lanean daudela. Gabonetan ez da "blokeorik" egongo, USCA aire-kontrolatzaileen sindikatuko bozeramaileak bermatu duenez.
Erredakzioa
Estatuko aireportuak ohikora itzuli dira aire-kontrolatzaileen gehiengoa lanera bueltatu ostean, AENAk jakinarazi duenez. Hala ere, Cristina Anton kontrolatzaileak esan du AENA eta aire-kontrolatzaileen arteko gatazka ez dutela oraindik konpondu, "ezta gutxiago ere". Radio Euskadin azaldu duenez, AENAri plaza gehiago ateratzeko eta negoziazio-mahaian esertzeko eskatu diote kontrolatzaileek.
Estatuak, otsailean, soldata % 40 jaitsi egin zietela gogoratu du Cristina Antonek. Araudi militarrarena ez dela bidea gaineratu du, eta negoziaziorako deia egin du berriro ere. Kolektibo hori "jota" dagoela errepikatu du eta "urtean 4.000 edo 5.000 ordu" ezin dituztela lan egin berretsi du. "Mugarik gabeko ordu kopurua lan egitea nahi dute, eta hori ezinezkoa da".
500 milioiko galerak
Turismo arloaren eta aire-lineen arabera, 500 milioi euroko galerak izan dituzte kontrolatzaileen lanuzteak eragindako 20 ordu aire-eremuaren itxieraren ondorioz. Espainiako bidaia agentzia eta touroperadoreen diru-galerak 350 milioi euro inguruko dela jakinarazi du Kataluniako Bidaia Agentzien Elkarteak. Kopuru hori behin-behinekoa dela nabarmendu du.
Bestalde, sektoreak ez du balorazio ofizialik egin nahi Konstituzioaren Zubia bukatu arte eta eragina zein izan den kalkulatu arte.
Miguel Sebastian Industria, Turismo eta Komertzio ministroaren hitzetan, "goiz eta presazkoa" da aire-kontrolatzaileen grebak eragindako kalteen inguruko datuak aurkeztea. Bestalde, Gabonetan egoera "ez dela errepikatuko" esan du ministroak.
Hiru baja, besterik ez
Lanera joan behar ziren 280 aire-kontrolatzaileetatik 277 agertu dira. AENAren arabera, hiru baja horiek "guztiz" justifikatuak daude.
Madrilgo, Bartzelonako eta Sevillako kontrol-zentroetara goizeko txandako aire-kontrolatzaile guztiak joan dira; 63, 35 eta 20, hurrenez hurren. Mallorcan (15etik 13) bi baja eta Kanarietan (23tik 22) baja bat izan dituzte.
Gaur, 3.923 hegaldi aurreikusita daude Espainiako aireportuetan.
Gabonetan ez da blokeorik egongo
Cesar Cabo USCA aire-kontrolatzaileen sindikatuko bozeramaileak bermatu duenez, Gabonetako oporretan ez da aire trafikoaren "blokeorik" egongo. Joan den asteburuan bizi izandako kaosaren ostean, Cabok esan du "zentzua eta normaltasuna berreskuratzea dela orain garrantzitsuena".
Catalunya Radiori egindako adierazpenen arabera, "Gabonetan lanera joango" dira, eta "gertatutako ez errepikatzeko asmoa dute". Dena den, bere izenean hitz egin du eta ez sindikatuko bozeramaile bezala.
"Lan-egonkortasuna nahi dugu", esan du. Era berean, barkamena eskatu die kaltetuei, eta "neurriz kanpoko" neurria izan zela eta eragin "izugarriak" izan zituela aitortu du.
Caboren esanetan, "garrantzitsuena zentzua eta normaltasuna berreskuratzea da. AENA eta biok ulertzera behartuak gaude. Zentzudunak izan behar gara eta sektorearen egonkortasuna bilatu behar dugu", gaineratu du.
"Ziur nago Gabonetan ez dela arazorik egongo", esan du.
OCUren salaketa
Bestalde, aire-kontrolatzaileen sindikatuaren (USCA) aurkako salaketa aurkeztu du Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) Auzitegi Nazionalean.
OCUk aurkeztutako salaketa "laguntzaileen eta antolatzaileen" aurka doa, eta baita "delituen konplize edo egile" diren lagunen aurka ere.
Aire-kontrolatzaileek euren lantokiak uztearekin ezkutuko greba egin zutela uste du OCUk, baina "zuzendutako greba, argi eta garbi".