Ekonomia -

Irizar e-mobility

Irizar Taldeak Europako lehen elektromugikortasun lantegia martxan jarri du Adunan

Aurreneko 150 lanpostuak sortu dituzte dagoeneko, baina ekitaldi honetan 200 izatea aurreikusten dute eta datozen bost urteetan 300-500 beharginek bertan lan egitea espero dute.

Irizar e-mobility Europako lehen elektromugikortasun lantegia. Argazkia: EFE
Irizar e-mobility Europako lehen elektromugikortasun lantegia. Argazkia: EFE
Autobus elektrikoak egiteko planta berriaren inaugurazioa egin du Irizarrek

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irizar Taldea autobus eta autokarren ekoizpenean munduko erreferentzia da, eta arratsaldean Europako lehen elektromugikortasun lantegiaren ateak zabaldu ditu Adunan (Gipuzkoa). 75 milioi euroko inbertsioa egin dute.

 

Irizar e-mobility lantegiak 18.000 metro karratuko azalera du, ia 4 hektareako lursail batean. Autobus elektrikoak ekoizteaz gain, beste motatako ibilgailu industrialak egingo dituzte, hirien elektromugikortasun beharrizanak asetzeko.

Hasiera batean, urtero 1.000 ibilgailu ekoizteko gaitasuna izango du lantegi berriak. Ibilgailuak eta haien osagai eta sistema nagusiak fabrikatuko dituzte, Irizarrek agiri batean jakitera eman duenez.

Besteak beste, Jose Manuel Orcasitas Irizarreko presidente exekutiboa eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburua inaugurazio ekitaldian izan dira.

Bi eguneko autobus bat egiten dute orain, baina irailean ekoizpena bikoiztuko dute, egunero autobus bat fabrikatuz, eskabide-zorroari erantzuteko.

Hasiera batean, urtero 1.000 ibilgailu ekoizteko gaitasuna izango du lantegi berriak

10, 8 eta 12 metro luzeko autobusak egiten ditu lantegi berriak, 2014az geroztik Europako hirietan zirkulatzen ari dira. Laster ibilgailu elektrikoak ekoitziko ditu.

Aurreneko 150 lanpostuak sortu dituzte dagoeneko, baina ekitaldi honetan 200 izatea aurreikusten dute eta datozen bost urteetan 300-500 beharginek bertan lan egitea espero dute.

Bestalde, ezaguera eta talentua erakartzeko programa bat martxan jarri du Irizar e-mobilityk; horrela, bertako teknikariek batezbeste 26 bat urte dituzte.

ADUNA IRIZAR EFE

Irizar e-mobility lantegia, Adunan (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Irizar Taldea zazpi markak (Irizar, Irizar e-mobility, Alconza, Datik, Hispacold, Masats eta Jema) osatzen dute. Espainia, Maroko, Brasil, Mexiko eta Hegoafrikan 13 lantegi dituzte, baita I+G zentro bat ere.

3.300 pertsona baino gehiagok lan egiten dute taldean. Egoitza Ormaiztegin (Gipuzkoa) du. 2017an 620 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta 580 aurreko ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gipuzkoa Lana Ekonomia Albisteak Enpresaburuak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan