Ekonomia -
Kaosa aireportuetan
Aire eremuaren kontrola hartu du Defentsa Ministerioak
Defentsa Ministerioak Espainia osoko aireko nabigazioaren kontrola hartu duela iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak, egoera "oso larria" delako.
Erredakzioa
Defentsa Ministerioak Espainiako aire eremuaren kontrola hartzeko dekretua sinatu du Gobernuak, Sustapen Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.
Defentsa Ministerioak Espainia osoko aireko nabigazioaren kontrola hartu duela iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak, egoera "oso larria" delako.
Sustapen Ministerioko egoitzan egindako agerraldian, Rubalcabak ez du galderarik onartu. Armadaren Estatu Nagusiko buruak neurri guztiak hartuko dituela azaldu du presidenteordeak, eta kontrolatzaileei lanpostuan agertzeko eskatuko die.
Jose Blanco (Sustapen) eta Carme Chacon (Defentsa) ministroekin eman du prentsaurrekoa Rubalcabak. Konstituzioak hartutako neurriak babesten dituela azaldu du presidenteordeak, Aire Segurtasuneko Legeak larrialdi egoeratan horrela aurrikusten duelako.
Gaueko txandako zenbait aire-kontrolatzaile euren lantokietan aurkeztu dira Barajaseko aireportuan, 22:00etan, baina lanaldia hasteko orria sinatzeari uko egin diote, ondorioz, aire zirkulazioa ez da normaltasunera itzuli, AENAko iturriek jakitera eman dutenez.
Bestalde, Kanariar Uharteetako aire-kontrolatzaile guztiak lantokian agertu dira gaueko txandan. Palman (Mallorca), ostera, 16 langileetatik 5 baino ez dira azaldu. Hala ere, bi artxipelagoetako aireportuak martxan jartzeko prest dira.
Bartzelonan zenbait hegaldi abiatu dira jadanik, aireportua berriz zabaltzeko behar beste kontrolatzaile agertu direlako, dorreko guztiak eta kontrol zentroko 13.
Bien bitartean, Sevillan gaueko txandako 11 kontrolatzaileetatik 7 agertu dira.
Dispositibo militarra diseinatzeko Jose Luis Poyato Aire Armadako Dibisioaren jeneralak krisi kabinetean parte hartu du.
Era berean, Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordea eta Carme Chacon Defentsa ministroa bileran izan dira.
Aire eremua militarrek kontrolatu ahal izateko Errege-dekretua 21:30ean indarrean sartu da, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ostean.
Kaosa
Espainiako aire-espazioa itxita dago, Andaluzian izan ezik, aire-kontrolatzaileek euren lanpostuak utzi ostean, AENAko iturriek jakitera eman dutenez.
Iturri berdinen arabera, 2.000 bat hegaldiri eta 330.000 lagun baino gehiagori eragin die protestak, izan ere, Konstituzioko Zubia dela eta oporrak igarotzeko prest ziren milaka lagun.
Hasiera batean Barajaseko aireportua itxi dute; hegazkinak ez ziren ez aireratzen ez lurreratzen aire-kontrolatzaileek lanpostua utzi dutelako.
AENAk Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, Madrilgo aireko espazioa itxi dute lehen, Palmako, Eivissako, Menorcako eta Galiziako aireportuetako aireko espazioekin batera.
Aire-kontrolatzaile asko ados jarri dira lanpostua uzteko; lanean jarraitzeko arazo fisikoak dituztela argudiatu dute.
AENAk 902 404 704 telefonoa jarri du kaltetuen eskura.
Fiskaltza
Aireko zirkulazioaren aurka egindako ustezko delitu batengatik izapideak zabaldu ditu Madrilgo Fiskaltzak. Zigorra 8 urteko espetxea izan daiteke, Fiskaltzako iturriek azaldu dutenez.
Lanera joan ez diren kontrolatzaileen inguruko txosten bat eskatu die Poliziari eta AENAri fiskalak.