Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Tabakoaren prezioa igotzeak 780 milioi euro emango dizkio Gobernuari
Neurri berrietako batzuek zergak murriztu eta gero, tabakoaren prezioa igotzeak defizit hori berdintzen lagunduko du.
Erredakzioa
Elena Salgado bigarren presidenteordeak iragarri duenez, tabakoaren prezioak "neurrizko" igoera izango du eta 780 milioi euro osagarri emango dizkio Gobernuari, ekonomia sustatzeko.
Diru kopuru horrek, besteak beste, enpresa txiki eta ertainei zergak jaitsi izanaren ondorioz diru-kutxa publikoak jasoko ez dituen 230 milioi euroak berreskuratzen lagunduko duela azpimarratu du Salgadok, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Presidenteordeak ez du zehaztu tabako kutxatila bakoitzak zenbateko igoera izango duen, baina, Salgadoren kalkuluen arabera, 3,60 euro ingurukoa izango da marka zabalduenen paketeen salneurria.
Salgadok adierazi duenez, jendearen osasuna babesteko ere gehitu behar dira tabakoaren gaineko zergak. Garestiago jarrita, kontsumoa jaitsi egingo dela uste du ministroak. Halaber, urtarrilaren 2tik aurrera leku publiko itxietan erretzea debekatuko duen legearen helburuari “lagunduko” dio igoerak.
Gainera, azpimarratu duenez, tabakoaren zerga igoera horrek diru-sarreren defizita berdintzen lagunduko du, ezarritako neurri berri batzuk zergak murriztera bideratuta egon baitira.
Salgadok azpimarratu duenez, Espainian tabakoaren prezioak Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian baino baxuagoa izaten jarraituko du. Portugalekin erkatuz gero, “markaren eta modalitatearen” araberakoa izango da aldea.
Gobernuak onartutako neurriak
Aste honetan Jose Luis Rodriguez Zapaterok Kongresuan aurkeztutako neurriak onartu ditu Ministroen Kontseiluak lege dekretuz.
Lege dekretu horrek "Gizarte Segurantza indartuko" du, enpresa txiki eta ertainei ezarritako zergak jaitsiko ditu eta enplegu politika aktiboak sustatuko ditu.
Era berean, AENAren (% 49) eta Estatuko Loterien (% 30) liberalizazioa aurreikusten du.
Halaber, 2011ko uztailetik aurrera, merkataritza ganberen kuota bertan behera utziko dute; orain arte enpresa guztiek ordaindu behar zuten.
Gainera, Europar Batasunak erakundeen sorrera azkartzeko sortutako hainbat zuzentarau sartu dituzte lege dekretu horretan.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak jakinarazi duenez, Gobernuak erretiro pentsioen erreforma onartuko du urtarrilaren 28an, Parlamentuan "berehala" bozkatzeko.