Ekonomia -
Euskadiko lan txostena
19.000 lanpostu sortu dira EAEn urtebetean, eta emakumeek bete dituzte 16.700
Halaber, 10.000 langabe gutxiago daude, baina behin-behinekotasuna "nabarmen" igo da, eta % 25,8ra iritsi da.
Agentziak | Erredakzioa
19.000 lanpostu sortu dira EAEn urtebetean, eta horietako 16.700 emakumeek bete dituzte. 10.000 langabe gutxiago daude, baina behin-behinekotasuna "nabarmen" igo da, eta % 25,8ra iritsi da, EHUren 2018ko lehen hiruhileko Euskadiko lan txostenaren arabera.
Txostena EPAren datuetan oinarrituta dago, eta Sara de la Rica zuzendariak aurkeztu du astelehen honetan, Bilbon. Urteko lehen hiruhilekoan EAEn 913.000 pertsona zirela lanean nabarmendu du; lan egiteko adinean dauden pertsonen % 50etik gora, lehenengoz.
Enpleguak gora egin du zerbitzuen sektorean, % 70etik % 71,6ra pasatu baita; industria bere horretan geratu da (% 22,57) eta eraikuntza % 4,83an, zertxobait jaitsiz. Langabezia tasa 2017ko lehen hiruhilekoan % 11,8koa izatetik urte honetako lehen hiruhilekoan % 10,7koa izatera pasatu da, eta 2009ko maila berean jarri da.
De la Rica pozik agertu da, Euskadin enpleguaren susperraldiak "aurrera" eta langabeziak "behera" egin dutelako.
Aldaketak
Euskadiko lan txostenak honako aldaketa hauek izango ditu hemendik aurrera: lehenengoa, ISEAK (Initiative for Socio Economic Analysis and Knowledge) sortu berri den taldeak egingo duela. Zortzi pertsonak osatzen dute taldea, EHUn Ekonomian katedraduna den Sara de la Rica buru duela. Taldea osatzen duten pertsonak hainbat erakundetakoak dira, EHUkoak, Espainiako unibertsitate edo ikerketa zentroetakoak eta Munduko Bankukoak.