Ekonomia -

SEPLA

Pilotuen sindikatuak lanuzteak iragarri ditu Gabonetarako

Sustapen Ministerioak lanaldiak eta atsedenaldiak arautzeko konpromisioa hartu zuen, baina agindutakoa behin eta berriro ez du bete, pilotuen sindikatuaren (SEPLA) hitzetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

SEPLA pilotuen sindikatuak lanuzteak eta beste mobilizazio batzuk deitzea erabaki du gaur. Ondorioz, lanuzteak urte bukaerarako iragarri ditu SEPLAk, Gabonetako aire-zirkulazioaren egonkortasuna mehatxatuz.

Sustapen Ministerioak lanaldiak eta atsedenaldiak arautzeko konpromisoa hartu zuen, baina agindutakoa behin eta berriro ez du bete, Espainiako Airelinea Pilotuen Sindikatuaren (SEPLA) hitzetan. Araudiak hegazkinetako tripulazioen nekea saihesteko helburua izan behar du, sindikatuaren ahotan.

Pilotuen lanaldiak eta atsedenaldiak arautzeko zirkular aeronautikoa berehala argitaratzeko eskatu zion Jose Blanco Sustapen ministroari sindikatuak orain dela gutxi. Egitasmoak dagoeneko urtebete baino gehiagoko atzerapena pilatzen du. Horregatik, sindikatuak mobilizazioak eta beharrezko neurriak hartu behar zituela ohartarazi zuen.

"Nagikeria"

Sustapen Ministerioaren "nagikeria" eta "atzerapenaren" aurrean, protesta horiek deitzea erabaki du gaur pilotuen sindikatuak. Lanaldiak eta atsedenaldiak arautzeko zirkularra argitaratzeko orduan "nagikeria" salatu zuen SEPLAk iragan astean.

SEPLAren arabera, duela urtebete zirkular hori argitaratzeko konpromisoa hartu zuen Sustapen Ministerioak, baina nahiz eta uztailean prest eduki, "aurrera ateratzeko kapaz ez da izan".

Araudirik ez izateak "aire-segurtasunean murrizketa bat" ekar dezake, aurrikusitako hegaldiak behar baino gehiago baldin badira, izan ere, pilotuen nekea "faktore erabakigarria" izan daiteke hegazkin istripuen % 20an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea