Ekonomia -
2011ko Aurrekontuak
Aralarrek 170 zuzenketa aurkeztu dizkie Gipuzkoako Aurrekontuei
"Diputazioak aurkeztu duen proiektuak aurreko urteko murrizketen politika sakontzea dakar", Aralarren ustez.
Erredakzioa
Aralarrek osoko zuzenketa bat eta 170 zuzenketa partzial aurkeztu dizkie Gipuzkoako aurrekontuen proiektuari. Zuzenketa horiekin, Foru gobernuak aurkeztutako kontuen "izaera neoliberala" salatu du Aralarrek. Bestetik, aurrekontuen "planteamendu atzerakoia ezkerrera mugitu" nahi dutela iragarri dute .
Rebeka Ubera Aralarren Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak azpimarratu duenez, "Diputazioak aurkeztu duen proiektuak aurreko urteko murrizketen politika sakontzea dakar. Beraz, krisiaren ondorioak arintzera bideratutako kontuak izan ordez, egoera ekonomiko horretara eraman gaituen sistema finkatzen duten aurrekontuak dira”.
Uberaren aburuz, "Aralar egonkortasunaren izenean proposatutako % 7,22ko beherakadaren kontra dago. Lehentasuna eman zaio defizita gutxitzeari zerbitzu publikoen gaitasuna eta estaldura soziala handitzeari baino”.
Testuinguru horretan, Aralarrek 170 zuzenketa partzial gehitu dizkio osokoari. "Hainbat departamentutako partidek ezkerrera bira egin dezatela lortzeko saiakera da. Hasteko, zerga politikan, Diputazioarentzat sarrera gehiago ekarriko luketen zuzenketak proposatu ditugu”, jakinarazi du Uberak.