Ekonomia -
Lan-gatazka
Productos Tubulares enpresako langileek greba mugagabea bertan behera utzi dute
Trapagarango lantegian berriz lanean hasiko dira beharginak ostiral honetan. Datorren asteleheneko bilerara joango direla iragarri du enpresa-batzordeak, baina “marra gorri batzuekin”.
Agentziak | Erredakzioa
Martxoaren 8an hasi zuten greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute Productos Tubulares enpresako langileek, konpainiako zuzendaritzak lan-erregulazioko espedientea atzera bota ondoren. Horrela, ostiral honetan lanera itzuliko direla iragarri dute beharginek.
Langileek erabakia erreferendumean bozkatu dute goizean. 396 beharginek hartu dute parte, horietako 288k (% 72,72) greba amaitzearen aldeko botoa eman dute, 103k (% 26,01) lanuzteari eustea nahi zuten eta 5ek (% 1,26) boto zuria eman dute, enpresa-batzordeko iturriek jakitera eman dutenez.
Iturriek azaldu dutenez, “gehiengoak erabakita, greba bertan behera utzi dute”. Honenbestez, beharginak euren lanpostuetara itzuliko dira Trapagarango (Bizkaia) lantegian, ostiral honetan, 06:00etan, “txanda normalak egiteko”.
Bilera astelehenean
Lan-erregulazioko espedientea atzera bota ondoren, “konpainia salbatzeko premiazko elkarrizketa” eskatu zion zuzendaritzak enpresa-batzordeari. Horrela, datorren astelehenean langileen ordezkariekin biltzeko “baldintza” bezala greba amaitutzat jotzea eskatu zuten zuzendariek.
Bilerara joanen dela esan du enpresa-batzordeak, konpainiaren “bideragarritasuna” bilatzeko. Hitzordua 12:00etan dute. Hala ere, greban zehar defendatutako “marra gorri” batzuekin joango direla iragarri du beharginen ordezkaritzak, besteak beste, hitzarmena mantentzea, altzairutegia ez ixtea eta kaleratzerik ez izatea.