Ekonomia -

Ikerketa Batzordea

Enrique Goñi: ‘Nafarroako Kutxa ez zen desegin, fundazio bilakatu zen’

Foru Parlamentua Nafarroako Kutxaren desagertzea ikertzen ari da eta batzorde horretan azalpenak eman ditu gaur finantza-erakunde horretako zuzendari ohiak.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak azalpenak eman ditu gaur Foru Parlamentuan, finantza-erakunde horren desagertzea ikertzen ari den batzordean.

Gaurkoan UPNren eta Geroa Bairen galderak soilik erantzun ditu. Hortaz, datorren asteazkenean berriro joan beharko du Goñik ikerketa batzordera azalpenak ematera.

Goñik azpimarratu du Nafarroako Kutxa “zintzotasunez” zuzendu zuela eta horren erakusgarri dela azken bost urteotan egin dizkioten ikerketetan bere kontrako ezer agertu ez izana.

“Erakunde publikoek, Estatuko funtzionarioek, poliziek, Espainiako Bankuko inspektoreek eta epaileak ikertu dute nire jarduna eta ezer ez dagoela ondorioztatu dute guztiek”, nabarmendu du.

Bestalde, Nafarroako Kutxa desegin dela ukatu du. “Xedapen legalak betetzeko, kutxa fundazio bilakatu zen”, esan du.

Era berean, Nafarroako Kutxan gainsoldatarik izan ez zela eta zuzendaritzako kideek jasotzen zituzten dieta guztiak justifikatuta egon zirela ziurtatu du.

Halaber, Patxi Zamora Kontuz elkarteko bozeramailearen aurka Guardia Zibilak hartutako neurriarekin –hegazkin konpainia batean lan egiteko zuen baimena kendu zioten- inolako zerikusirik ez zuela adierazi du.

Kontuz elkarteak salaketa bana aurkeztu zituen Yolanda Barcina, Miguel Sanz eta Enrique Goñiren kontra, Nafarroako Kutxan egindako delituekin lotuta.

Kontuzek Nafarroako Kutxatik 775 obra desagertu zirela ere salatu zuen. Horren harira ezer ez dakiela esan du Goñik: “Gai honi buruz dakidan gauza bakarra da 755 koadro horietatik 93 topatu dituztela. Besterik ez dakit.

Amaitzeko, Nafarroako Kutxan ‘black’ txartelik ez dela izan nabarmendu du, “ezta ondasunak eskuratzerakoan irregulartasunik ere”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAN auzia Nafarroa Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak