Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Gasteizko Udalak 140 lanpostu izango dituen lan eskaintza publikoa deituko du
Lanpostu deialdi hau A eta B taldeei zuzenduta dago eta lehenengo azterketak uda ostean egitea espero dute.
agentziak | erredakzioa
Gasteizko Udalak guztira 140 lanpostu izango dituen Lan Eskaintza Publikoa (LEP) deituko du hurrengo asteetan, Gorka Urtaran alkatearen arabera. Baliteke lehenengo azterketak uda ostean izatea.
LEP hau A eta B lantaldeei zuzenduta dago. Era berean, Urtaranek esan du Gasteizko Gobernu Batzarrak hainbat deialdi egingo dituela 2019ra arte Udalaren lan plana osatzeko.
Deialdi horien artean, Gobernu Batzarrak C, D eta E taldeetako 393 lanpostu esleitzeko deialdia onartu du ostiral honetan, barne prozesu baten bidez udal funtzionarioen artean egiteko. Libre geratzen diren lanpostuak hurrengo oposizioetan aterako dituzte.
Bestalde, alkateak nabarmendu duenez, 2019ra arte aurreikusita dauden deialdien helburua udaletxean “behin-behinekotasuna % 37tik % 10era murriztea” da, eta horrela soldata arrakala jaistea, egun % 6,3koa baita.