Ekonomia -
ELA, LAB eta Steilas
Hezkuntzan apirilerako deituta zegoen greba astea bertan behera utzi dute sindikatuek
Dena dela, hilaren 18an egitekoa den mahai sektorialean aurrerapausorik ez badago, maiatzean mobilizazioak berhartuko dituztela ohartarazi dute.
EITB.EUS
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek bertan behera utzi dute apirilerako EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako greba.
Sindikatuek Bilbon eskainitako prentsaurreko batean azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak mahai sektorialaren bilera deitu du apirilaren 18rako. Hori horrela, apirilaren 23ko asterako aurreikusita zuten greba bertan behera uztea erabaki dute, Jaurlaritzaren eskaintza zein den jakin arte.
Dena dela, ohartarazpena ere egin dute: "Jaurlaritzak gure aldarrikapenei erantzungo dieten neurriak proposatu ezean, maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko".
Sindikatuok salatu dutenez, Jaurlaritzak "greben bezperara itxaroten du negoziazio mahaiak deitzeko". Euren hitzetan, "bost greba egun genituen deituta Jaurlaritza bere jarrera immobilistatik ateratzeko asmoz eta mahai gainean proposamenen bat jartzera behartzeko".
Euren aldarrikapenak zeintzuk diren gogorarazi dute prentsaurrekoan. Besteak beste, honakoak eskatu dituzte: hezkuntza publikoko inbertsioa nabarmen handitzea, 1.800 irakasle gehiago kontratatzea, behin-behinekotasuna % 6ra murriztea eta ikasle-ratioak % 10 jaistea.
Azkenik, hezkuntza publikoko langileak zoriondu nahi izan dituzte "mobilizazioei eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik".