Ekonomia -
Finantza krisia
Zapaterok 'guztiz' baztertu du Espainiak erreskatea behar izatea
Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, sektore publikoan soldatak jaitsi egin badituzte ere, ez dute inor kaleratuko.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak "guztiz" baztertu du Espainiak erreskatea behar izatea, eta sektore publikoan soldatak jaitsi badituzte ere, ez dutela inor kaleratuko ziurtatu du.
Kataluniako RAC1 irrati-katean egindako elkarrizketa batean, gobernuburuak okertu egingo direla ohartarazi die "epe laburrean" pentsatzen duten adituei.
Izan ere, bere hitzetan, Espainiaren zorra Europako batez bestea baino 20 puntu txikiagoa da, eta defizita murrizteko plana hoberen betetzen ari den herrialdetakoa da.
Zapaterok azaldu du Gobernua "ekonomiaren piezak" berriz antolatzen ari dela, "kolesterol txarra" kentzen, "artifizialki loditzea" saihesteko.
Espainiako Gobernuko presidenteak gogorarazi du herrialdeko finantza sistema "sendoenetakoa" dela, bankuen kaudimen probek erakutsi zutenez, eta berregituratu behar zen sektorea, aurrezki kutxena, "erritmo onean" berregituratzen ari direla.
Zapaterok baztertu egin du balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) berriz igotzea, eta % 18ra igo izana defizita murrizteko baliagarri izan dela nabarmendu du.