Ekonomia -

Lan-erregulazioko plana

Productos Tubulareseko enpresa-batzordea: 'Bilera adarjotze bat izan da'

Langileek elkarretaratzea egingo dute ostegunean, konpainiako bulegoen aurrean, 11:00etan; ostiralean BBVAren aurrean, 09:00etan; eta larunbatean altzairutegitik manifestazioa abiatuko da 12:00etan.

Enpresa-batzordeko kideak astearte honetako bileran. Argazkia: EFE
Enpresa-batzordeko kideak astearte honetako bileran. Argazkia: EFE
Enpresa-batzordeko kideak astearte honetako bileran. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-erregulazioko espedientearen kontsultaldiaren barruan, astearte honetan enpresarekin egindako bilera “adarjotze” bat izan dela esan du Productos Tubulareseko enpresa-batzordeak. Batzar “etsigarria” izan dela gaineratu du. Zuzendaritzak 157 behargin kaleratzea planteatu du. Espedientea atzera botatzea eta bideragarritasun plan bat aurkeztea eskatu dute langileen ordezkariek.

Astearte honetako bilera bigarrena izan da, apirilaren 4an negoziazio batzordea osatu eta kontsultatzeko garaia zabaldu zenetik. Enpresak neurri-sorta baten berri eman zien orduan, besteak beste, soldaten % 25eko murrizketa, lanaldia luzatzea edo lantegiak Sestaon duen altzairutegia ixtea.

Gaurko bileran, lanpostu guztiak mantentzea, lan-erregulazioko plana atzera botatzea eta bideragarritasun egitasmo bat aurkezteko konpromiso bat eskatu dute beharginen ordezkariek.

Unai Anillo enpresa-batzordeko kideak azaldu duenez, espedientea aurkezteko arrazoirik ez dago eta eskakizunei ez diete inolako erantzunik eman. Horregatik, bilera “etsigarria” eta “adarjotze” bat izan dela salatu du.

Unai Anillo: "Gaiari ihes egiten saiatu dira, eta jokalekua beraiek markatu nahi dute"

“Eduki eta substantzi gabeko” hitzordua izan dela erantsi du Anillok. Langileen ordezkariaren hitzetan, lan-erregulazioko espediente bat aurkezten denean bilera horiek “derrigorrezkoak” direnez, horregatik bakarrik agertzen direla ematen du.

Hala ere, enpresari informazio gehiago eskatu diotela zehaztu du batzordeko ordezkariak. Gainera, batzarretan altzairutegietako zuzendaria eta finantza arloko arduraduna izatea eskatu du enpresa-batzordeak. Bi eskaeren aurrean ez dute konpainiaren konpromisorik lortu. “Gaiari ihes egiten saiatu dira, eta jokalekua beraiek markatu nahi dute”, gaineratu du.

TUBULARES PROTESTA BENGALA EFE

TUBULARES PROTESTA BENGALA EFE

Langileen protesta bilera hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Egoeraren aurrean, mobilizazioekin jarraituko dute langileek. Martxoaren 8tik greba mugagabean dira. Larunbat honetan manifestazioa egingo dute. Protesta Sestaoko altzairutegitik abiatuko da 12:00etan, eta Barakaldoko udaletxean bukatuko da. Aldez aurretik, 11:00etan, langileek batzarra egingo dute altzairutegian.

Ostegun honetan, berriro manifestazioa egingo dute Tubos Reunidosen bulegoen aurrean, Bilbon, 11:00etan. Ostiralean gauza bera egingo dute, baina BBVAko egoitzaren aurrean, Bilbon, 09:00etan. Bankua Tubos Reunidosen akzioduna da.

TUBULARES PROTESTA EFE

TUBULARES PROTESTA EFE

Langileen protesta bilera hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Enplegu erregulazioko espedienteak Ekonomia albisteak Trapagaran albisteak Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak azken ordukoa