Ekonomia -
Lan-gatazka
Productos Tubulareseko langileek taldearen egoitza aurrean salatu dituzte kaleratzeak
Horrez gain, beharginek jakinarazi dute datorren larunbatean manifestazioa egingo dutela Sestaon, konpainiak hango altzairutegia itxi nahi baitu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Productos Tubulareseko langileek Tubos Reunidos konpainiak -talde horretan dago Productos Tubulares- Bilbon duen egoitzara eraman dute gaur euren haserrea. Enpresak 157 behargin kaleratzeko asmoa iragarri du.
Elkarretaratze jendetsua eta zaratatsua egin dute, 'Atzerapausorik ez! Kaleratzeen eta prekarietatearen aurrean, borroka da bidea!' lelopean. Kaleratzeen kontrako oihuak egin dituzte eta "dirua non dagoen" argitzeko exijitu dute.
Gainera, langile batzuk eraikinean sartu dira, kaleratzerik onartuko ez dutela oihukatuz.
Productos Tubularesek joan den asteazkenean jakinarazi zion enpresa-batzordeari doitze plan bat abian jartzeko asmoa duela. Besteak beste, ondoko neurriak planteatzen ditu konpainiak: 157 langile kaleratzea, soldatak % 25 jaistea, lanaldia luzatzea, lan-baldintzak murriztea eta Sestaoko altzairutegia ixtea.
Iñaki Berezibar ELAko idazkariak ohartarazi du zuzendaritzaren plana ez dela bideragarria eta "gezurretan" oinarritzen dela, "Productos Tubularesek galerarik izan ez duelako". "Akziodunen diru-gosearen ondorioa da hau guztia; diru gehiago irabazi nahi dute, langileak kaltetuta", erantsi du.
Konpainiaren iragarpena "kolpe handia" izan dela aitortu du, baina "egunez egun borrokan" jarraituko dutela azpimarratu du. "Greban segituko dugu eta kaleratzerik ez egotea lortuko dugu", adierazi du.
Bestalde, langileek manifestazioa egingo dute datorren larunbatean Sestaon enpresaren asmoak salatzeko eta hango lantegiaren itxieraren kontra daudela adierazteko.
Horrez gain, konpainiak asteazkenean emandako dokumentuak aztertzen ari dira sindikatuak eta bi aldeak datorren asteartean bilduko dira berriro.