Ekonomia -

Mugagabeko greba jarraitzen du

Bilbobuseko langileek proposamena onartu dute, baina ez dute gustukoa

Langileen batzordeak bitartekariaren proposamena onartu du, baina ez zaie haren edukia batere gustatzen. Orain, Veoliaren erantzunaren zain daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobus Bilboko autobus zerbitzuko langileek greba mugagabea buka zezaten bitartekariak egindako proposamena onartu dute gaurko batzarrean, gehiengoz, baina ez zaie haren "edukia" batere gustatu, sindikatuek azaldu dutenez.

Pedro Angulo Veolia Bilbaoko enpresa batzordeko presidentearen hitzetan, Gatazka Kolektiboak Ebazteko Prozedurako bitartekariaren proposamenak ez ditu langileen xedeak bete, eta Iñaki Eguskizaga abokatuak "langileen alde baino, patronalaren alde egin du gehiago".

Anguloren hitzetan, langileen batzordeak "koherentziaz jokatzearren" onartu du proposamena: "Bitartekotza onartzen genuela esan genuen, eta koherenteak gara", esan du.

Guztira, 302 langilek proposamenaren aldeko botoa eman dute, eta 80 kontra agertu dira; zazpi boto zuri izan dira eta baliogabe bat.

Gatazkako alde biek erantzuteko epea gaur bukatzen da. Langileen soldata KPI gehi % 1,5 igotzea proposatu du bitartekariak; era berean, martxoko aparteko ordainsaria 320 euro igotzea proposatu du.

Aparteko orduei dagokienez, ordainetan opor egunak ematea proposatu du.

Bitartekariak txostenean azaldu duenez, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 85eko lanaldia duten langileek parekatze progresiboa izango dute gainerako langileekin.

Veoliako enpresa batzordeko presidentearen hitzetan, "etxeko lanak egin ditugu"; orain, "enpresaren erantzunaren zain gaude".

Bitartean greba mugagabeak indarrean jarraitzen duela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea