Ekonomia -

Lan gatazkak

Greba eguna, Frantziako tren konpainian eta Air Francen

Frantziako Trenen Sozietate Nazionaleko langileak tren zerbitzuaren pribatizazioaren aurka azaldu dira. Aire konpainiako langileek soldatak eguneratzea eskatu dute.

SNCFaren lanuzteetako bat. Aragazkia: EFE
Greba egun masiboa izan dute Frantziako trenbideetan

1:20

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak greba egun handi bati aurre egin behar dio gaur, asteartea. Batetik, Frantziako Trenen Sozietate Nazionaleko langileak grebara deituta daude tren zerbitzuaren pribatizazioaren aurka egiteko eta, bestetik, Air Franceko langileek ere greba deitu dute, eta hegaldien % 25ri eragingo die.

Aurreikusi dutenez, grebak ondorio handiak izango ditu Frantziako tren sarean, France 24 telebistaren arabera. Gaur egun, tren zerbitzua ematen duen konpainia bakarra da -diru publikoarekin finantzatzen da % 100ean- eta horrek bidaiarien monopolioa izatea ahalbidetzen dio.

Nahiz eta ospe handia hartu zuten, abiadura handiko trenaren linea berrietan egindako inbertsio handiek galera larriak eragin dituzte enpresan.

2019 eta 2033 bitartean sektore pribatua sartzen uztea da Gobernu frantziarraren asmoa, Europar Batasuneko zuzentarauak beteta. Horrela, tren konpainia nazionala sozietate anonimo bihurtuko lukete, Air France gaur egun den bezala.

Otro de los paros en la compañía de ferrocarriles. Foto: EFE

Tren konpainiak egindako beste greba baten irudia. Argazkia: EFE

Gobernuak akziodun nagusi izaten jarraituko duela hitzeman badu ere, sindikatuak eta ezkerra pribatizazioaren beldur dira, hori dela eta, sindikatuek asmo horren aurka protesta egin eta Gobernuarekin negoziatzen duten bitartean -hiru hilabete izan litezke- bost egunetatik bi lanuzteak egitea eskatu dute.

Presidente frantziar batek sektore horretako sindikatuei aurre egin zien azken aldia 1995ean izan zen. Orduan, Paris erabat geldiarazi eta Alain Juppe lehen ministroak atzera egitera behartu zuten, erreformak baztertuta.

Bestalde, Air Francek hegaldien % 25 bertan behera utziko ditu, gaurko eta 7rako deitutako lanuzteengatik. Gainera, apirilak 10 eta 11an ere egingo dituzte protestaldiak.

Air Francen sindikatu gehienek soldata % 6 igotzea eskatu dute, zuzendaritzak proposatzen duen % 1aren aurrean. Soldata igoera barik, eguneratzea da, 2012 eta 2018 bitartean soldatak izoztuta izan baitituzte. Pilotuen kasuan, eguneratze horrek % 10eko igoera ekarriko lieke.

Air Franceren zuzendaritzak apirilean % 0,6 eta urrian beste % 0,4 igotzea proposatu du, banakako % 1,4ko igoera gehituta, eta lurreko langileen kasuan, % 3koa.

Air Franceko sindikatuek greba deitu zuten martxoaren 23an, eta 30ean beste bat egitea aurreikusi zuten, baina protestak areagotu ditu "erantzun zehatza" jaso ez dutelako.

SNPL sindikatuaren arabera, aurreko ostiralean, martxoak 30, konpainiak programatuta zituen 465 hegaldien % 51 bertan behera utzi behar izan zituen.

Greba egun bakoitzean, hegaldien % 25 bertan behera egonda, 25 milioi euro galtzen ditu enpresak, Liberation egunkariak plazaratu duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Frantzia Ekonomia albisteak Albisteak Emmanuel Macron