Ekonomia -

ESPAINIA

Espainiako Herri Defendatzaileak ez dio helegiterik aurkeztuko Kupoaren kalkuluari

Herri Defendatzailaren iritzian, ezin dira Konstituzioaren aurkakotzat jo, ez kupoa, ezta horren legea ere.

Kupoaren inguruko ituna iazko maiatzean itxi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.
Kupoaren inguruko ituna iazko maiatzean itxi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.
Kupoaren inguruko ituna iazko maiatzean itxi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Fernandez Marugan Espainiako Herri Defendatzaileak ez du Auzitegi Konstituzionalean Kupoaren kalkulua egiteko moduaren aurkako helegiterik aurkeztuko. Goizean hartu du erabakia eta hala jakinarazi die salaketa aurkeztu zuten hiru lagunei. Herri Defendatzailak ez ditu datu objetiboak aurkitu Kupoaren legearen kontra errekurtsoa aurkezteko.

Fernandez Maruganen esanetan, kupoak eta horren legeak "zalantza legitimoak" sortzen dituzte Konstituzioaren araberako legaltasunaren inguruan, baina zalantza horiek ez dira nahikoak Konstituzioaren aurkakoak direla baieztatzeko, oso legitimoak badira eta hedatuak badaude ere.

Gainera, "gardentasun faltaren" inguruan, Herri defendatzailea aurka agertu da, baina, halere, erantsi du ezin dela Konstituzioaren aurkakotzat jo soilik politikarien artean negoziatu eta kalkuluaren azalpen teknikoa argitaratu ez zutelako.

Lurralde arteko elkartasunari dagokionez, "ez da nahikoa printzipioa aipatu eta salaketa generikoa egitea" Konstituzioaren aurkakotzat jotzeko, Fernandez Maruganen iritzian.

Besteak beste, Gorka Maneiro UPyDko bozeramaile ohiak aurkeztu zuen salaketa Herri Defendatzailearen aurrean. Kupoaren legea "ez dela solidarioa", eta arau horren bidez lortutako dirua "politika abertzaleak bultzatzeko" erabiltzen dela argudiatu zuen Maneirok bere salaketan.

Maneirok bakarrik ez, Alain Cuenca Espainiako finantzaketaren erreformarako batzordeko adituak eta Victor Gomez Frias unibertsitate irakasleak ere aurkeztu zuten kexa bana, Kupoaren kalkulua egiteko metodologiaren kontra. Horien iritzian, "kalkulua okerra da eta ematen dituzten datuak faltsuak dira". Gainera, Kupoak erkidegoen artean "ezberdintasunak eta desorekak" sortzen dituela, eta Konstituzioaren 138.2 artikulua urratzen duela salatu zuten.

Akordioa

Negoziazio luze baten ondoren, Kupoaren inguruko ituna itxi zuten, iazko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Bi gobernuek Kupoaren kalkuluari buruz zituzten desadostasunak gainditu zituzten: Euskadik 1.400 milioi euro jasoko ditu 2007-2016 epeari zegokion Kupoaren atzerapenengatik.

Azken 10 urteetako kitapena adosteaz gain, 2017ko behin-behineko Kupoa ezarri zuten bi gobernuek: 956 milioi. Kopuru hori izango da 2017-2021 epeari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko oinarria.

EAJ ez du uste helegitea jarriko dutenik

Aitor Esteban EAJren bozeramaileak Espainiako Kongresuan ez zuen uste Kupoaren kontrako helegitea jarriko zuenik Espainiako Herri Defendatzaileak.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, buruzagi jeltzaleak esan du "akats handia" litzakeela errekurtsoa jartzea, alderdi politikoek eta bestelako erakundeek hori egin ez dutenean. "Helegitea jartzeko eskariak hainbat parlamentutara eraman direnean, bozketetan atzera bota dituzte. Horregatik, harrigarria litzateke herri defendatzaileak orain protagonismo hori hartzea", gaineratu du.

Francisco Fernandez Marugan herri defendatzailea ezagutzen duela, eta ez duela uste Konstituzionalera joko duenik esan du Estebanek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Espainiako Auzitegi Konstituzionala