Ekonomia -
Iruzur fiskala futbolean
Bost urteko kartzela-zigorra eskatu dute Xabi Alonsorentzat iruzur fiskala egotzita
Fiskaltzak hiru zerga-delitu egotzi dizkio Alonsori, 2010 eta 2012 urte artean Real Madrilen jokatzen ari zen garaiari dagozkionak.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatu du Xabi Alonso futbol jokalari ohiarentzat Ogasunari bi milioi euroko iruzurra egiteagatik 2010, 2011 eta 2012. urteetan, Fiskaltzak jakinarazi duenez.
Madrilgo Probintzia Fiskaltzako Delitu Ekonomikoen sailak hiru zerga-delitu egotzi dizkio Alonsori, Real Madril futbol taldean jokatu zuen garaiari dagozkionak, hain zuzen.
Era berean, zigor bera eskatu du Ivan Zaldua horren zerga-aholkulariarentzat, baita Ignasi Maestre Kardazli Comercio Serviços de Consultoría e Investimentos LDA elkarteko kudeatzailearentzat ere.
2009aren erdialdean, hiru akusatuak ados jarri ziren "jokalari ohiaren irudi eskubideen esplotazioa itxuraz lagatzeko eta Alonsok legez kanpoko onura fiskalak lortzeko", Fiskaltzak jakinarazi duenez. Ildo horretan, 2009ko abuztuaren 9an, Alonsok, Zalduaren aholkua hartuta, antza "kontratu bat sinatu zuen bere irudi eskubideak Madeiran egoitza zuen Kardzali elkarteari lagatzeko".
Fiskaltzaren ikerketen arabera, elkarte horrek Panaman egoitza zuen beste baten barne zegoen eta, 2009ko abenduaren 16tik, Alonso zen, gainera, horren partizipazio guztien jabea.
Fiskaltzarentzat, eskubideen "ustezko" emate hori Alonso Espainiatik kanpo zegoenean gertatu zen, eta egoera hori mantendu zuen "gutxienez 2012ra arte", baina jada Espainian (Real Madrilen) jokatzen zuen eta Espainian ordaindu behar zituen zergak.
Hori horrela, 2009 eta 2012 urteen artean, Xabi Alonsok enpresa ezberdinekin lan egin zuen, baina ez zuen Madeirako elkartea erabili irudi eskubideak kudeatzeko, eta beraz, "elkarteak irudi eskubide horien kudeaketan inongo funtziorik ez zuela izan" uste du Fiskaltzak.
Beraz, 2010 eta 2012 urteen artean, Kardazlik Alonsoren irudi eskubideen "itxurazko" ustiapenetik 2.083.400 euroko etekina lortu zuen, baina kopuru hori urte horietako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEGZ) sartu behar zuen.