Ekonomia -

Ecofinen bilera

Irlandaren erreskate ekonomikoa martxan jartzea erabaki du EBk

Datozen egunetan adostuko dituzte laguntzaren baldintzak Irlandako agintariek, Europar Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Finantza ministroek Irlandaren erreskate ekonomikorako plana martxan jartzea adostu dute igande honetan, Didier Reynder Europar Batasuneko (EB) Ecofineko presidenteak jakinarazi duenez.

Reyndersen hitzetan, "100.000 milioi baino gutxiago emango diote" Irlandari.

EBko kide ez diren Erresuma Batuek eta Suediak, halaber, erreskate planarekin bat egingo dute.

Banketxeek, oro har, jasoko dute laguntza ekonomiko hori, baina maileguak Irlandako Estatuari emango dizkiotenez, berak itzuli beharko du dirua.

Hurrengo egunetan adostuko dituzte laguntzaren baldintzak Irlandako agintariek, Europar Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak.

Irlandaren lau urteetarako austeritate-plana

Irlandako Gobernuaren Ministro Kontseilua bildu da Dublinen datozen lau urteetarako austeritate-plana zehaztu eta bukatzeko; testuaren bidez EBk eta NDFk erreskatea zenbaterainokoa izango den zehaztuko dute.

160 orrialde inguru dituen dokumentuak datozen lau urteetarako politika ekonomikoa nolakoa izango den ezarriko du; nolanahi ere, helburua 2014rako BPGren defizita % 3raino murriztea da, eta 15.000 milioi euro inguruko murrizketak aurrikusi dituzte.

Iturri ofizialen arabera, plana datorren asteartean aurkez lezakete eta, Europako Batzordearen, Europako Banku Zentralaren (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) oniritzia jasoz gero, euren "azterketa" handik egun gutxira buka lezakete.

''The Sunday'' egunkariak, iturririk aipatu gabe, argitara eman duenez, Irlandaren erreskatea 120.000 milioi eurorainokoa izan liteke, alegia, aurreko maiatzean Greziak jasotako 110.000 milioi eurokoa baino handiagoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea