Ekonomia -
PENTSIODUNEN IRAULTZA
Rajoy: 'Enplegua sortzen jarraitzen badugu, pentsioak gehiago igoko dira, laster'
Pedro Sanchez oposizioko buruak, berriz, Gobernuak eta parlamentariek %0,25 gehiago bakarrik irabaztea proposatuko du, pentsidunekin elkartasunez, Gobernuak ez badu erabakia atzera botatzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak esan du Espainian lortu beharreko akordiorik garrantzitsuena pentsioen inguruako dela, eta pentsioak goraka joango direla, ordaindu daitezkeen eran: "Enplegu gehiago sortzen badugu gehiago igoko dira, eta laster".
Rajoyk Murtzian egindako hitzaldian gogorarazi nahi izan du langabezia eta alarguntasun ordainsariak igo egingo dituztela, baina era berean ondorengo erantsi du: "Espainiak ezin du berriz ere atzeraldi garaiko politiketara bueltatu, horregatik ezin da demagogiarik egin, eta are gutxiago pentsioak bezalako gai batekin".
"Gobernuak pentsio ziurrak eskaintzen ditu, eta oposizioak gezurrezko promesak" gaineratu du. "PPk gobernatzen duen bitartean ez dira ez jaitsiko ez eta izoztuko ere, eta lan gehiago sortzen badugu, pentsioak ere gehiago igoko dira, eta laster" amaitu du.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, berriz, gogor kritikatu du Mariano Rajoyren Gobernuak pentsioekin darabilen politika eta Gobernuak, diputatuek eta senatariek aurten %0,25eko igoera bakarrik izatea euren soldatan proposatuko duela iragarri du, pentsidunekin elkartasunez, Gobernuak ez badu erabakia atzera botatzen eta igoera KPI indizearen arabera erabakitzen.
Espainia demokratikoa eraiki zuten herritarrak "mespretxatzea" leporatu dio Sanchezek Rajoyri, pentsioentzako %0,25eko igoera ezarriz, "baliabide ekonomikorik ez dagoenaren aitzakian", baina benetan "borondate politikoa" falta dela esan du.
Gobernura helduz gero, pentsioen igoera berriz ere IPCaren araberako izango dela esan du buruzagi sozialistak eta Konstituzio zein Lege bidez blindatuko dituela osasuna, hezkuntza, dependentziarako laguntza eta pentsioak, eskubide direnak inork ez ditzan "merkantzia" bihurtu.
Adierazpen hauek pentsiodunen inoizko mobilizazio jendetsuenaren biharamunean egin dituzte bi agintariek.