Ekonomia -
Etorkizuna kolokan
Naval enpresa estutasunean jarri du bankuen finantziazio faltak
Uztailean sinatutako ontzi bat otsailean eraikitzen hasi behar dute langileek, baina bankuek ez dute beharrezko krediturik ematen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euroko abala jarri operazioan.
Radio Euskadi
Ezkerraldeko enpresa garrantzitsuenetariko bat estutasunean jarri du bankuen finantziazio faltak: Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziola. Azkenaldian arazoek okerrera egin dute. Udan kontratatutako ontzi bat egingo duten ez du guztiz bermatu zuzendaritzak, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Barku bakar baten eraikuntza bermaturik ez du egun Naval ontziolak, ezta iragan uztailean sinatutakoa ere. Kredituak emateko orduan banketxeek oztopo asko jartzen dituztela jakinarazi die langileei zuzendaritzak, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren abala izan.
Une honetan, Navaleko 400 langileak Lana Erregulatzeko Txostenean daude eta bulegoetako langileak bakarrik ari dira lanean. Tailerretako langileak etxean dira, otsailean lan egiten hasteko zain.
Uztailean sinatutako ontzi bat otsailean eraikitzen hasi behar dute langileek, baina bankuek ez dute beharrezko krediturik ematen. 200 milioi euroko operazio bat da. Jaurlaritzak 15 milioi bermatu ditu kontratu horretan. Arazori hilabete honetan irtenbide bat bilatu ezean, kontratua bertan behera geratuko litzateke.
Itsasoko aerosorgailuak
Gainera, itsasoko airesorgailuentzako beste ontzi baten eraikuntza ez dute erabat lotu oraindik, nahiz eta Industria sailburuordeak sinatutzat jo duela bost hilabete. Berriro ere, bankuek milioi askoko operazioa finantzatzeko oztopoak jarri dituzte. Kontratua lotzeko azaroaren 30eko muga jarri du zuzendaritzak.
Bestalde, Naval ontziola hirugarren barku bat egiteko lehian sartu da, baina afera nola amaituko den inork ez daki. Horrela gauzak, enpresa-batzordea ez da baikor agertu, eta Eusko Jaurlaritzari konpromiso handiagoa eskatu diote, finantzaketa faltak ontziolaren etorkizuna arriskuan jar dezakeelako.